Mugaldean

urtzi urrutikoetxea

Berria, 19-08-2006

urtzi urrutikoetxea

Autostopean zebilen neska kurdu bat jaso dugu bidean, kilometro gutxi batzuk egin ditu, atzera ere jaitsi aurretik. Elebakarra da, eta antzinako ohitura zaharra betetzera zihoan, islamak ezabatu gabeko usadioa. «Nork esan du kurduak musulmanak direla?». Gehienek bere burua musulmantzat jotzen dute, baina badira yezidiak – zoroastrismoaren jarraitzaileak – eta musulmanek ere antzinako sineskera eta ohitura asko gorde dituzte. Newroz edo urte berria, kasu, udaberriko solstizioarekin batera eguzkiari egiten zaion omena. Urte Berri esan gura du Newroz – ek, eta urtetan debekatu eta zapaldu du Turkiak. Azken urteetan estrategia aldatu eta ospakizuna «turkiartu» gura izan du, egoera absurduak sortuz: kurduerazko Newroz – en ordez Nevroz izendatu du, turkieraz ez baitago w – rik, eta hala, bigarrena baimentzen du baina ez lehena.

Merdineko eliza batera eraman gaituzte egunero harat – honat garamatzaten lagunek. Badakite mendebaldeko aurreritziek zer dioten, aspaldi igarri arren berdintasunaren eta laikotasunaren alde egin duten bidea. Mendetan komunitate kristau garrantzitsua izan du Merdinek, eta gaur ere badira gutxi batzuk, Tur Abdin eskualdearen atari den hirian. I. Mundu Gerrako genozidioak gehienak hil edo erbestera bidali bazituen ere, oso aspaldikoa da kurduen presentzia hemen, 1832ko altxamenduak argi uzten duen legez. Oso hiri ederra da, elizetan arameerazko inskripzioak daude, eta minareteek otomandarrengandik desberdinak diren itxura biribila ageri dute. Azokan, berriz, Merdingo Domingo Kanpaina agertu zaigu, garraiorako ohiko aberea da astoa hemen.

ARAMEERA HIZTUNAK ETA EUSKAL MINAK. Deyrulzafaran monasteriora joan gara, eliza siriako ortodoxoaren egoitza ia mila urtez, 1932an Damaskora joan zen arte. «Arameeraz Mor Hananyo deitzen diogu monasterio honi», esan digu mutil gazte batek. Alemana da pasaportez, gurasoak bertakoak dituen arren, eta datorren urtean jaioterrira itzuli beharko duela diosku, soldadutza egitera. Atsegina da, baina kurduekiko gutxiespen tonu batekin mintzo da. Konfiantza apur bat hartuta, ausartu zaigu apur bat gehiago sakontzera. «Eskoletan turkieraz baino ezin da egin, baina elizkizunak eta erlijio – eskolak arameeraz egiten ditugu». Liturgia – hizkuntza baino ez da beraz? «Ez, ez, komunitate barruan erabiltzen dugu, baina oso gutxi gara jadanik. Armeniarrena bezain larria izan zen gurea, edo gehiago, haiena behintzat entzuten da noizean behin munduan, eta gutaz inor ez da akordatzen». Eta nabarmendu du asiriar kristauak hil eta etxetik egotzi zituztenak turkiarrak ez eze kurduak ere izan zirela. Kurduek ez dute inoiz ukatu izan zirela otomandarrekin batera genozidioan parte hartu zuten kurduak, jauntxoak batez ere, baina askoz gehiago izan ziren jazarritako kristauei babes eman eta bizia salbatu zietenak. Diasporako armeniarrak eta kurduak elkarren lagun izan ohi dira gaur egun.

Midyad – era joateko bizpahiru errepide daude. Horietako bat Siriako mugaren parez pare doa, kilometro askoan txarrantxazko hesia eta postu militarrak ageri dira. Minaz jositako eremua hasten da hor, arabiarrek eta turkiarrek elkarrengandik bereizteko urtetan jarritako minak. Euskal Herriak saldutako minak, Kurdistan zatitzeko erabiliak. Urtean behin ematen diete elkarrengana hurbiltzeko aukera, «eta bozgorailu handiekin joaten dira alde bietako jendeak, urtetan bereizita bizi diren senideak». Laurehun metro ingurura baino ezin baitira hurbildu. Hortik aurrera, minaz josita dago dena. Kurduak dira mugaren alde bietara bizi diren biztanleak, batzuek turkiar pasaportea eta besteek siriarra izan arren. Azken hori gutxi batzuek soilik, estatu bakoitzak zapalkuntza sistema propioak ditu: Siriak naziotasuna ukatu die bere herriko kurdu askori, turkiar iheslariak direla esanez. Arabizazio – prozesuaren urratsetako bat izan da bere muga barneko kurduen bazterketa hori. Paradoxikoki, urtetan PKKren baseak egon izan dira Sirian, baina era horretan etxeko kurduak ere iheslari arrotz bihurtu ditu Damaskok.

Midyad Merdin baino txikiagoa da eta ez dauka azken horren kokapen ikusgarria. Baina lautadan ere irudi eder askoak ageri ditu harrizko etxeen artean. Merdinen antzera, kurduak dira egun ia biztanle guztiak, zeru – lerroan, ordea, mezkiten minareteak baino gehiago dira elizen dorreak, sasoi bateko kristau komunitate handiaren oroigarri. Gutxi batzuk gelditzen dira, Tur Abdin eskualdeko gehienak. Midyadetik hemezortzi kilometrora dagoen Mor Gabriel monasteriora joan gara. Eliza siriako ortodoxoaren tenplurik zaharrena da, oso berrituta egon arren, jatorriz Ko 397 urtekoa baita.

Hemen ere arameera bizirik dagoela dioskute, Turkiako mugen barnean oso egoera larrian egon arren, jatorrizko eskualde honetan batez ere. «Istanbulen daudenek askatasun handiagoa daukate, zer esanik ez Europakoek», Ingalaterrako unibertsitateetan arameerazko katedrak ere ba ei daude. Eta Sirian eta, batez ere, Hego Kurdistanen, siriako eta asiriar izeneko komunitate handiak bizi dira oraindik.

HASANKEYF, ITOITZ KURDUA. Midyadeko irteeran kontrola pasata errepide laua gora – behera hasi da laster. Paisaia ere beilegi lehorretik berdatu egin da, Kurdistanen ohiko irudiari leku egiteko. Tarteka – marteka ageri dira herrixkak, bakoitzak bere kuartel erraldoia daukala. Herrietatik kanpo kilometro asko eta asko, eta artzain nomadak.

«Jendarme auto bat bidean/ bildots artean pasatzen» idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Martin Larralde poeman. Erraz irudika dezakegu Hazparne ingurua Ruper Ordorikaren kantuan, baina ez da erraza hemengo artaldeak azaltzea. Errepidea mendi magalean doa bizpahiru kilometroan, eta asfalto marra galdu arte ardiz beteta dago. Autobus – gidariak bozina jo eta jo, alferrik da, astiro – astiro egiten du aurrera, baina ez dago zer eginik. Hobe, bai, presa barik etortzea. Halaxe kontatu ziguten hurrengo egunetan, euren gatazka noiz konpon zitekeen galdetu genienean. Juanek itzuli zigun: «Berrehun edo hirurehun urteren buruan», eta segidan bere uztatik gaineratu zuen: «Ikusi duzue kurdurik erlojuari begira?».

Azkenean heldu gara Hasankeyf herrira. Ipar Kurdistango turistikoenetakoa izango da, Van (Wan) aintzirarekin batera. Baina azken horrek hurrengo bidaia batean beharko du. Tigris ertzean mendetako historia pilatzen da Hasankeyf – eko kaleetan. Eguraldia lagun, ibaiaren gainean eta ibai – ertzean paratutako paldoen gainean bazkaldu dugu. Ohikoa, arraina da, noski. Gatazkak kanpoko turismoa uxatu duen arren, barnekorik ez da falta Hasankeyfen, eta asteburuetan lepo dago. Badu asteburuko giro lasaiaren giro hori, kurduen leku gutxitan ikus daitekeena. Hemen ere mehatxu handia dauka azaleko edertasunak eta patxadak, eta horren egoki gordetako historiak: milaka urteko ondarea mehatxupean dago. Oraingoz alferrik izan dira protestak, Erresuma Batuko kanpaina batek (www.ilisu.org.uk) britaniar enpresa batek atzera egitea lortu arren. Turkiako Gobernuak aurrera daroa GAP egitasmoa, eta abuztu hasieran bertan ospatu dute Ilisuko urtegiko lanen hasiera. Egitasmoa betez gero, 2013an amaitzen dutenean, bidaiaren hasieran bisitatutako Harran moduko basamortu ertzeko lekuetara iritsiko da ura. Trukean 300 kilometro koadro baino gehiago urperatuko dituzte, milaka kurduren herriak barne. Eta tartean Hasankeyf, bere historia luze eta inguruotako ondare guztia.

Itzuleran petrolio hobiak ikusi ditugu, iluntzen ari du Elih (Batman turkieraz) hirirantz goazela. Kurdistanen asko sufritu duen hirietako bat da Elih. Hemen ere abertzaleak dira nagusi baina Ameden baino indar handiagoa daukate tradizio feudalek eta errepresioa ere gogorra izan da. Izan ere, Turkiako estatuko petrolio – gune garrantzitsuenaren hiriburu da, turkiar etorkin asko dago eta armadaren gerizan hazitako Hezbollah erakunde islamista antikurduak indarra izan du hemen. Azken hiletan nesken suizidioak ere asko izan dira inguruotan. Luzeago sakondu beharreko gaia da emakume kurduen suizidioena.

Minibusean, kantak eta kantak, kurduak hasi dira eta euskaldunak atzean gelditu ez. Jai girokoetatik borroka kantetara, berbak ulertu barik ere, ederto dakigu zeri kantatzen diogun. Hizkuntza bera darabilgu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)