HIz PI DeaK Koldo Aldabe
Etorkinak, legeak eta botoak
Berria, 18-08-2006Europako Batasunetik kanpoko etorkinei paperak dituztenak esan nahi baita udal hauteskundeetan boto eskubidea onartzeko eskatu dute PSOE eta IU-ICV alderdiek, Espainiako Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamen batean. 70.000 etorkinek izango lukete Hego Euskal Herrian boto eskubidea, egitasmoak aurrera egingo balu. Puntu horretaraino ongi. Bertan lan egin, bertan bizi edo iraun, bertan aberastasuna sortzen duenak betebeharrak dituen bezala izan behar ditu eskubideak, onartu behar zaizkio, eta bermatu ere bai.
Kontua da, ordea, legez besteko proposamen hori aurrera ateraz gero ere etorkin horietatik ia gehienek ez luketela botoa emateko eskubiderik edukiko, Espainiak herrialde bakoitzeko gobernuekin hitzarmenak egin beharko baititu herritar horiek estatu espainiarrean boto eskubidea izan dezaten. Eta jakina da proposamenaren bultzatzaileek berek ere badakitela hori. Eta, jakinda ere, ez dute beste herrialde horien oniritzirik behar ez duen irizpiderik proposatu; alegia, bertan lan eta bizi diren etorkin guztiei bertan lan eta bizi direlako onartzea eskubide hori, eta ez herrialde batetik datozelako bai eta bestetik datozelako ez.
Lardaskeriarik egin gabe erabaki du Nicolas Sarkozyk Frantziatik 25.000 familia kanporatzea. Zenbat familia kanporatu aldez aurretik erabakita zeukala ikusten da hor ere, dagoeneko kanporaketarako azpiegitura guztia prest baitauka. Frantzian eskolatutako haurrak dituzten paperik gabekoen familiak dira. Sarkozyk ez du nahi ikasle adingabeak «desiratu gabeko» immigrazioarentzako atea izatea. Horregatik, oporraldia aprobetxatu du, ikasketa aldiak Frantzian geratzeko eskubidea bermatzen baitu.
(Puede haber caducado)