Etorkinei boto eskubidea jatorriaren arabera eman edo ukatzea salatu du SOS Arrazakeriak

PSOE eta IU-ICVren egitasmoak milaka lagun eskubide politikorik gabe utziko dituela gaitzetsi du

Berria, 18-08-2006

Xabin Makazaga

Donostia

Europako Batasunetik kanpoko etorkinek udal hauteskundeetan boto eskubidea izan dezaten bultzatuko du Espainiako Gobernuak. Hego Euskal Herrian 70.478 etorkini eragin diezaioke neurri horrek, ekaineko datu ofizialen arabera. Itxura oneko azalaren azpian, baina, mami eskasa dagoela gaitzetsi du SOS Arrazakeriak.

PSOEk eta IU – ICVk atzo Espainiako Kongresuan aurkeztutako legez besteko proposamenaren arabera, Espainiak elkarrekiko aitorpenak hitzartu beharko lituzke «legezko» etorkinen jatorrizko estatuekin, haiei udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea onartzeko. Eta hortxe dago akatsa, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Agustin Unzurrunzagak salatu duenez: «Bide horretatik, milaka pertsona gutxieneko eskubide politikorik gabe utziko dituztela ondo dakite egitasmoaren bultzatzaileek».

Izan ere, etorkinei boto eskubidea emateko baldintza «izatezko egoitzak» izan behar du, SOS Arrazakeria elkarteko kidearen ustez, eta ez estatu arteko hitzarmenak edo elkarrekiko aitorpenak. «Hemen bizitzea, auzokidea izatea, lan egitea, eskolak hartzea… horiek izan behar lukete eskubide politikoak emateko baldintzak».

HITZARMENEN ORDEZ, HIRITARTASUNA. PSOE eta IU – ICVren proposamena «erdiko bidetik» doala gaitzetsi du Agustin Unzurrunzagak. Afrikako herri gehienek Txinak eta Kubak Espainiarekin halako hitzarmenik ez dutela sinatuko uste du. Eta jatorriaren arabera etorkinen artean ere bereizketak sortuko direla, Espainiarekin hitzarmena sinatu duten herrietakoak izan edo sinatu ez dutenetakoak izan: «Eskubide politikoak jatorriaren arabera onartuko zaizkie atzerritar horiei, ez izatezko egoitzaren arabera; ordea, hiritartasun maila horrek izan behar luke eskubideak izateko gakoa». Etorkinekin – eta lan egiten duten elkarteek urteetan horixe defendatu dutela azpimarratu du Unzurrunzagak. Eta PSOE eta IU – ICVren proposamenak ez dituela eskaera horiek beteko gaitzetsi du: «Lardaskeria hutsa da».

Espainiak Norvegia, Argentina, Txile eta Uruguairekin etorkinei boto eskubidea onartzeko elkarrekiko aitorpena sinatu zuela gogorarazi du SOS Arrazakeriako kideak; baina indarrean Norvegiarekin sinatutakoa soilik dagoela. Eta PSOEk eta IU – ICVk Espainiako Konstituzioaren 13.2 artikulua aldatzea proposatu ez izana gaitzetsi du. Hor jasotzen baita Europako Batasunetik kanpoko etorkinek boto eskubidea izateko haien jatorrizko estatuarekin hitzarmen bat egin behar dela.

Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Immigrazio Planak hiritartasuna izatezko egoitzan oinarritzen duela nabarmendu du Unzurrunzagak, eta bigarren planaren zirriborroa ere bide beretik doala. Horrenbestez, haren bultzatzaileei «ausardia eta zintzotasuna» eskatu die, Espainiako Gobernuak bultzatuko duen proposamena baztertzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)