Hego Euskal Herrian 70.ooo etorkinek boto eskubidea izan lezakete udal bozetan
PSOEk eta IU-ICVk legez besteko proposamen bat aurkeztuko dute gaur, aldaketa bultzatzeko
Berria, 17-08-2006PELLO URZELAI
Donostia
Espainiako Gobernuak udal hauteskundeetan Europako Batasunetik kanpoko etorkinei boto eskubidea onartzeko egitasmoa bultzatuko du. PSOE eta IU-ICV talde parlamentarioek legez besteko proposamen bat aurkeztuko dute gaur Espainiako Kongresuan ekimenaren alde. Eskubide hori izateko Espainian bizitzeko baimen edo txartela eduki beharko lituzkete etorkinek. Une honetan, ekaineko datu ofizialen arabera, 70.478 lagun daude egoera horretan Hego Euskal Herrian.
Lurraldez lurralde aztertuta, multzorik handiena Nafarroan biltzen da (guztira, 32.030). Etorkin horiek guztiek botoa emateko eskubidea eskuratuz gero 2003ko udal hauteskundeetako Nafarroako erroldari %7 erantsiko litzaioke. Beste lurraldeetan kopuruak apalagoak dira, Araban 10.444 (2003ko erroldaren %4,2), Bizkaian 18.882 (%1,9), eta Gipuzkoan, 9.122 (%1,6).
Egun, Maastrichteko Itunaren ondorioz, egoitza baimena izanez gero, Europako Batasuneko herritarrek udal hauteskundeetan botoa emateko eta hautetsi izateko eskubidea dute. Aurtengo ekaineko datuen arabera, 25.888 etorkin daude egoera horretan (3.398 Araban, 10.383 Bizkaian, 5.761 Gipuzkoan eta 6.346 Nafarroan).
PSOEk eta IU-ICVk gaur aurkeztuko duten legez besteko proposamenaren arabera, Europako Batasunetik kanpoko «legezko» etorkinei bozkatzeko eskubidea onartzeko prozedura korapilatsua eta luzea izango da, eta zaila izango da indarrean izatea datorren udaberriko udal hauteskundeetan. Izan ere, eskubide horren aitorpena etorkinen jatorrizko herrialdeekiko hitzarmenen bidez etorriko litzateke. Hau da, Espainiak banan banan hainbat estaturekin negoziatu beharko luke elkarrekiko aitorpena. Horrek esan nahi du hitzarmena indarrean sartzeko bi estatuetako legebiltzarrek onartu beharko luketela. Etorkinekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek begi onez ikusten dute boto eskubidearen aitorpena baina beldur dira prozesua oso luzea izateaz. Adibidez, Espainiak eta Kolonbiak segurtasun sozialari buruzko hitzarmen bat 1998an sinatu eta oraindik Kolonbiako legebiltzarrak ez duela bozkatu gogoratu dute.
Horrez gain, PSOEren legez besteko proposamenean Espainiako Gobernuari dei egiten diote Estatuko Kontseiluari txosten bat egiteko aldaketaren konstituzionaltasunari buruz. Espainiako Konstituzioaren arabera, «espainiarrek bakarrik» dute bozkatzeko eskubidea. Salbuespen gisa, udal hauteskundeetarako onartzen da «elkarrekikotasun irizpideen arabera» eta «hitzarmenen edo lege bidez». «Beharrezkoa da Estatu Kontseiluak argia ematea Gobernuari eta Gorteei», esan zuen atzo Alfonso Perales PSOEko eledunak.
(Puede haber caducado)