Garbiketa literarioa
Berria, , 18-01-2024Urtero bezala, Ipar Euskal Herriko ikastolek beren bortak irekiko dizkiete bisitariei: otsailaren 10ean. Kari horretara, balizko «bezero» gazteei gomit-postala igorri diegu. Aurtengoak diseinu berria du; iazkoa, omen, bortitza zitzaielako guraso batzuei: agertzen baitira sugarrak haurren gibelean. «Harritzekoa da, denak behar du izan homologatua oraingo egunean!», iharduki du adiskideak. «Bortitza izan daitekeen deus ezin da haboro agerikoa izan».
Autozentsuraz hausnarrean ari nintzela, gogoa AEBetarat joan zait, adierazpen askatasunaren begirale PEN America elkarteak alarma piztu baitu. Izan ere, eskoletako apalategiak liburu jakin batzuez husten ari baitira, eta gero eta fiteago, zeintzuek aipagai baitituzte arrazismoa, generoa edota sexualitatea.
Egiteko manera ez da atzo goizekoa. «Berek beren haurrak nahi ote lituzkete ikusi zuek edo nik altxatzen beren gogoaren kontra? Ez naski!», idatzi du Jean Hiriart-Urrutik, 1909ko abenduan, apezpikuak «kondenatu» zituen hamaika liburuak kentzera deituz. Infernuko lametatik libratzeko, dudarik gabe.
(Puede haber caducado)