Immigrazio-legea salatuko dute Baionan urtarrilaren 21ean

Pirineo Atlantikoetako departamenduko 30 erakunde baino gehiago bildu dira immigrazio-legea salatzeko. Manifestatzeko deialdia luzatu dute, urtarrilaren 21eko 11:00etan, Baionako suprefeturaren aitzinean.

Gara, Irati Esparza--Guimon eta Emma Grandjean, 18-01-2024

Urtarrilaren 21ean Baionako suprefeturaren aitzinean, zatiketaren ordez «askatasuna, berdintasuna, anaitasuna eta elkartasunaren alde» manifestatzea proposatzen dute departamenduko 30 erakunde* baino gehiagok. 2023ko abenduaren 19an onartua izan zen immigrazio-lege proiektua, «kanpotarren kriminalizazioa eta demokraziaren manipulazioa arriskutsua» salatuko dituzte bertan.

Erakundeentzat, «immigrazio-legeak ez die erantzuten gerletatik edota berotze klimatikotik ihesi doazen gizon, emazte eta haurren nahitaezko erbesteratzearen arrazoiei, ez eta duintasunez harrera egitearen erronkei eta integrazio-politika duin eta gizatiar bat definitzeko erronkari ere».

«Kanpotarren bizia infernu bilakatuko da»

Horrez gain, legea «frantziar Estatuari ‘lehentasun nazionala’ ezartzeko ametsa duten eskuin muturreko indarrek idatzi» dutela adierazi dute. Horrekin, naziotasun lur-eskubidea eta oinarrizko eskubideei kontra egiten die legeak: lana, hezkuntza, etxebizitza, osasuna… Haien ustez, legeak ez ditu pertsona migratzaileak frantziar Estatura joateko asmotik gibelaraziko, «haien bizi baldintzak eta muga trabeskatzea oraindik gehiago zaildu eta arriskutsu bilakatu besterik ez». Horretarako, «elkarretaratze masiboa espero» dutela azpimarratu dute urtarrilaren 17an egin prentsaurrekoan.

Manifestatzera deitzen duten erakundeek azpimarratu dute legea errealitate ekonomikoaren kontra doala, «frantziar Estatuak langile kanpotarren beharra baitu. Legea pasatzen bada, langile horien erregularizazioa oraindik zailagoa izanen da eta esplotazioari ateak irekitzeaz» beldur dira. Oroitarazi dute azken urteetan Ipar Euskal Herrian gertatu diren lan istripuetan beti kanpotarrek ukan dituztela. Legea kontseilu instituzionalean eztabaidatua izaten ari da eta erabakia urtarrilaren 25ean emana izanen da.

*Manifestatzera deitzen duten erakundeak : CRDE – Collectif pour le Respect des Droits des Étrangers, CGT 64, FSU 64, GDS 64, Ensemble Béarn/Pays Basque, NPA 64 Béarn et Pays Basque, PCF 64, PCOF, Solidaires 64, CFDT Pays basque, UNSA 64, Génération S Béarn, ATTAC Béarn, GES 64, CFDE, Generation 64, Europe Ecologie les Verts Pays Basque et Bearn, France Palestine Solidarité, Etorkinekin Diakite, LAB, EHBAI, Mouvement de la paix 64…….

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)