Kanarietara bidean duela bi egun abiatu ziren 28 etorkin hil dira
Senegaldik atera zen ontziak 70 etorkin zeramatzan eta, lekukoen arabera, gosez hil dira
Berria, 13-08-2006k. berasain
Mauritaniako kostaldean gutxienez hogeita zortzi immigrante hil ziren atzo. Senegaldik atera zen ontzia duela bi egun, eta 70 lagun zeramatzan. Kanariar Uharteak zuten helmuga. Bizirik atera diren immigranteen arabera, gosez eta egarriz hil dira beraiekin batera ontzian zeudenak. Hogeita zazpi itsasoan hil ziren eta beste bat ospitalean, salbamendu taldeak ontzia kostaldera eraman ondoren. Mauritaniako kostaldean ikusi zuen ontzia, nora ezean, arrantza ontzi batek.
Kanariar Uharteetara iristear zeudela atzera egitera behartu zituztela salatu zuten bizirik dauden immigranteek. Espainiako Polizia izan zen, euren ustez, atzera egiteko agindua eman ziena. Tenerifeko Kabildoko Domingo Medina kontseilariak, baina, baztertu egin zuen hori: «Ez da egia, ez ziren nazioarteko uretara iritsi. Mauritaniako agintariek eman ziguten gertatutakoaren berri».
HERENEGUN BESTE 16 HILDAKO. Kanariar Uharteetara zihoazen beste hamasei emigrante hil ziren herenegun itsasoan – senegaldarrak guztiak – . Seiehundik gora etorkin iritsi dira azken hiru egunotan Kanariar Uharteetara. Atzo 140 etorkin ailegatu ziren.
(Puede haber caducado)