Asilo eskatzaileak Erresuma Batutik Ruandaratzea, legez kanpokoa

Berria, Maddi Iztueta Olano, 16-11-2023

Asilo eskatzaileak Ruandara deportatzeko migrazio plana legez kanpokoa dela ebatzi du Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, argudiatuta han migratzaileen segurtasuna ez dagoela bermatuta. Iaz egin zuten akordioa Ruandako presidente Paul Kagamek eta Erresuma Batuko orduko lehen ministro Boris Johnsonek (2019-2022), eta helburutzat du Mantxako kanala gurutzatzen duten asilo eskatzaileak Ruandaratzea, asiloa han eska dezaten Erresuma Batuan egin beharrean.

Auzitegi Gorenak atzo hartu zuen erabakia, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako frogetan oinarrituta. Horien arabera, ezin da bermatu Ruanda herrialde segurua denik asilo eskatzaileentzat. Goreneko presidente Robert Reedek horren adibidetzat jarri zuen Israelek eta Ruandak 2013 eta 2018 bitartean indarrean jarritako migrazio plana. «Israelek Ruandara bidali zituen asilo eskatzaileak, baina Ruandako Gobernuak jatorrizko herrialdeetara bidali zituen gero». Planaren aurkako ebazpen bat plazaratzen den hirugarren aldia da.

Downing Streetek migrazio planarekin zer egin erabaki behar du orain. Barne ministro James Cleverlyk aurreratu zuenez, akordioa hitzarmen estatusera aldatuko dute, eta Erresuma Batuko lege batzuk erreformatuko dituzte asilo eskatzaileak Ruandara deportatu ahal izateko.

Rishi Sunak lehen ministroa antzera mintzatu zen, eta argi utzi zuen «edozer egiteko prest» daudela plana indarrean jartzeko: «Legez kanpoko migrazioak bizitzak suntsitzen ditu, eta urtean milioika libera kostatzen zaie Erresuma Batuko zergadunei».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)