Immigrazio legea onartu du Frantziako Senatuak
Berria, , 14-11-2023Etorkinei eskubide gutxiago ematea adostu du Frantziako Senatuak. Aldeko 210 eta kontrako 115 botorekin, ontzat eman dute Frantziako Gobernuaren immigrazio legea, baina hark hasieran proposatutakoa baino testu gogorragoa eman du emaitza gisa senatarien eztabaidak. Osasun arloan, gizarte laguntzetan eta legezko paperak lortzeko aukeran, eskubide murritzagoak izanen dituzte egoera erregularra aitortzen ez dieten atzerritarrek. «Pozik naiz testua onartua izan delako, nahiz eta ez den erabat gobernuarena», adierazi du Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak.
Eskuina eta zentro-eskuina dira nagusi Frantziako Senatuan, eta argi zegoen haien eskuetan lege proiektuak aurrera eginen zuela, baina are neurri zorrotzagoak jarri dizkiote immigrazioa mugatu nahi duen legeari. Osasun arlokoa da azpimarragarrienetako bat: AME estatuaren laguntza medikoa ezabatzea erabaki dute. Frantzian hiru hilabete baino gehiago daramatzaten eta «egoera irregularrean» dauden atzerritarrek osasun arreta doan jasotzeko dispositiboa da; Frantziako Estatuak finantzatzen du, eta mediku eta ospitale gastuak osoki hartzen ditu. Horren ordez, larrialdi laguntza bat onartu dute senatariek, eritasun larrietara, haurdunaldiari lotutako artamenduetara eta txertaketetara mugatua.
Horrez gain, gizarte laguntzak jasotzeko irizpideak ere zorroztu dituzte. Orain arte, sei hilabeteko egonaldia justifikatu behar izan dute atzerritarrek; senatariek onartu duten testuan, bost urtera emendatu dute epea. Etxebizitza eta familia laguntzei eragiten die, besteak beste.
Frantziako Gobernuak aurreikusitako lege proiektuan, «tentsioan» diren lanbideetan ari diren paperik gabeko atzerritarrak erregularizatzeko aukera ematen zuten. Artikulu hori ezabatu dute senatariek. Horren ordez, urte bateko «ezohiko» egonaldi baimena ematea adostu dute. Langileak egiten ahalko du eskaera, nagusiaren oniritziaren beharrik gabe, eta prefetak emanen du erregulartzea.
Kanporatzeen erraztea
Beste hainbat neurri ere onartu dituzte senatariek, hala nola «arriskutsutzat» jotzen diren paperik gabeko atzerritarren kanporatzea. Horrez gain, asilo eskaerak egiteko desmartxak ere erraztu dituzte; helburua da ezezkoa jasotzen dutenak lehenago kanporatu ahal izatea.
Gaur egun, guraso atzerritarrak izanik ere lurralde frantsesean jaiotako haurrek 18 urterekin automatikoki lortzen dute frantziar nazionalitatea. Senatariek bozkatu duten lege proiektuak dio nazionalitatea lortzeko «borondatea» adieraztera behartuak izango direla orain.
(Puede haber caducado)