Andre etorkin baten eta ertzain baten arteko auzia, epaiaren zain
Berria, , 01-11-2023Epaiaren zain gelditu zen atzo Silvia izeneko emakume migratzaile eta arrazializatuaren kontrako epaiketa, Bilbon, berak eta bere atxiloketan parte hartu zuen ertzainetako batek deklaratu ostean. Fiskaltzak hamazortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du emakumearendako, autoritateari aurre egiteagatik; 6.000 euroko isuna ordaintzeko ere eskatzen dio, lesio delitu arinagatik. Eusko Jaurlaritzak, berriz, bost urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra, «agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia» egotzita —lehen, zazpi urtekoa zen zigor eskaera—. Epaiketa urriaren 4an egitekoa zen, baina, Istanbulgo Protokoloa froga bezala onartu zenez, hilabete bukaerara gibelatu zuten. Izan ere, defentsak aurkeztutako bideo batean ikus daiteke poliziek eraso ziotela andreari.
SOS Arrazakeriak jakinarazi zuenez, 2018an atxilotu zuten Silvia, Getxon (Bizkaia), «pertsona pobre bat defendatu zuelako». Polizia etxera eraman zutenean, baina, tratu txarrak eta erasoak jasan zituen: «Segurtasun grabaketek argi erakusten zuten eman zioten tratu iraingarria, baina salaketa ez zen behar bezala ulertu». Hala ere, Istanbulgo Protokoloa ez da aurtengo urriaren hasierara arte onartu; tresna horren arabera egiten dituzte polizien ustezko tratu txarren inguruko mediku eta lege azterketak. Denbora tarte horretan epaileek froga hori osatu dute: hiru medikuk egindako txostena da, zeinak adierazten duen andreak polizia etxean «tratu iraingarria eta zitala» pairatu zuela. Atzo Silviak deklaratu zuen, baita gertakarian zerikusia duen ertzainak ere. Emakumearen atxiloketan «portaera neurrigabea» izateagatik hemezortzi hilabeteko zigorra eskatu du defentsak harentzat. Herenegun, berriz, hainbat lekukok, ertzainek eta auzitegiko medikuek hitz egin zuten.
Atzoko saioan 2018an emandako bertsioa baieztatu zuen emakumeak: Getxoko supermerkatu baten aurrean polizia «eskale» bat identifikatzen ari zela, eta emakumea tartean sartu zela, pertsona hura «gaizki tratatzen» ari zirela iruditu zitzaiolako. Momentu hartan polizia iraintzen hasi zitzaiola erran zuen. Han zegoenaz gain, bertze bi patruila agertu ziren, eta hirugarrena arduratu zen Silvia polizia etxera eramateaz.
Behin han zeudela, ertzainak Silvia ziegan sartzen saiatu ziren, baina emakumearen ondasunengatik eztabaida bat hasi zen, andreak azaldu zuenez. Tartean, Silviaren diru zorroa zegoen, diru askorekin. Eztabaidaren ondoren, ertzainetako batek «jipoitu» egin zuen, andreak salatu zuenez. Ertzain horrek berak, berriz, adierazi zuen ziegan sartu baino lehen Silviak berari «eraso» ziola, eta «instintiboki» eskua atera zuela berak. Silviaren abokatuak gogoratu zuen polizia etxean gertatutakoaren irudiak dituztela: «Zer gertatuko litzateke kamerarik izan ez bagenu? Denok dakigu erantzuna. Irudiak eztabaidaezinak dira, horiengatik iritsi gara honaino».
Lekukoak
Ohi bezala, gertatutakoa ordena kronologikoan errepasatzen hasi ziren herenegungo saioan. Hala, atxiloketa gertatu zenean supermerkatuan zeuden lekukoek hitz egin zuten lehenbiziko: bertako segurtasun zaintzaileak, ertzainek eta Silviaren bikotekide ohiak. Zaintzaileak adierazi zuenez, «lapurreta aurrekariak zituen eta mozkortuta zegoen gizon bat» supermerkatura sartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Ertzaintzari abisatu zioten, eta patruila bat iritsi zen, gizona identifikatzera. Tartean, Silvia agertu zen, zeina, zaintzailearen arabera, «ertzainei jazartzen» hasi baitzitzaien.
Bertze bi patruila iritsi ziren; lehenak Silvia identifikatu zuen, eta bigarrenak polizia etxera eraman. Behin polizia etxean zirela, hirugarren patruila hartako ertzainek adierazi zuten Silviak bere diru zorroa berreskuratu nahi zuela, eta ertzainen kontra egin zuela.
Silviaren bikotekide ohiak, berriz, erran zuen emakumea ez zela «oldarkorra» izan Poliziarekin: «Pertsona oso sentibera da; eskatzen zuen bakarra zen etxegabea ez zezatela gaizki tratatu».
Andrea Galan psikologoak, Pau Perez-Sales eta Paula de la Fuente medikuekin batera egindako txostenari esker jarri zen martxan Istanbulgo Protokoloa. Perez-Salesek azpimarratu zuen Silviaren testigantza «sinesgarria» dela, eta sufrimendu «oso gogorra» hauteman daitekeela haren hitzetan.
(Puede haber caducado)