Munduko pariak
Berria, 11-08-2006Zinemagile ezagun askoren klasikoak emango dituzte Zinemaldian, ‘Emigranteak’ atzera begirakoan
erredakzioa
Donostia
Michael Winterbottomen In this world, Robert M. Youngen Alambrista!, Elia Kazanen America, America eta Montxo Armendarizen Las cartas de Alou emango dituzte aurten beste askoren artean Donostiako Zinemaldiko Emigranteak atzera begirakoan.
Estilo arrunt desberdineko zuzendariek ondutakoak, askotariko kokapenak dituzten istorioak eta garai desberdineko lanak dira zerrenda osatzen dutenak, baina guztiek gai bera ukitzen dute: migrazio mugimenduak.
GAURKO ETA ATZOKO ARAZOA. Gaurkotasun handiko gaia aukeratu du Zinemaldiak atzera begirako hau osatzeko, baina emigrazioa ez da gaurko arazoa bakarrik. Miseria atzean utzi nahian, XX. mendeko hasieratik migrazio mugimendu ugari izan dira mundu osoan, eta hori ederki asko islatu du zinemak irudi ahaztezinetan.
Emigrazioaren gai aberasgarria gogoko ukan dute zinemak eman dituen zuzendari bikain askok, hala nola Bernardo Bertoluccik, Rainer Werner Fassbinderrek, Louis Mallek, Luchino Viscontik, Elia Kazanek, Jerzy Skolimovskik, Robert M. Youngek eta Jan Troellek. Zinemagile ezagun horien guztien filmak emango dituzte atzera begirako interesgarri honetan, baina hain ezagun ez diren beste askorenak ere izango dira.
Euskal Herriko zinemagileek ere behin baino gehiagotan heldu diote emigrazioaren gaiari; Montxo Armendarizen Alouren gutunak eta Imanol Uriberen Bwana adibide egokiak dira. Biak sartu dituzte zerrendan, eta biei eman zieten bere garaian Urrezko Maskorra Donostian.
Emigranteak zikloak genero desberdineko 30 film biltzen ditu, komediak eta drama sozialak nahastuz, film klasikoak molde berriko lanekin tartekatuz eta ahantzitako film asko berreskuratuz.
Zuzendari bakoitzak bere garaian erakutsitako indar zinematografikoa agerian geratzea nahi dute zinemaldiko arduradunek egin duten aukeraketaren bidez, eta, zikloaren bitartez, berriz, gizakiaren hainbat errealitate xehetasunez ulertzea.
‘Emigranteak’ zikloa
’Alambrista! (The Illegal). Robert M. Young (AEB, 1977).
‘Alamo Bay’. Louis Malle (AEB, 1985).
America, America’. Elia Kazan (AEB, 1963).
‘Angst essen seele Auf’. R.W. Fassbinder (Alemania, 1974).
‘Besieged’. Bernardo Bertolucci (Erresuma Batua-Italia, 1998).
‘Bwana’. Imanol Uribe (Espainia, 1996).
‘Combination platter’. Tony Chan (AEB, 1993).
‘Flores de otro mundo’. Iciar Bollain (Espainia, 1999).
‘Frontières’. Mostefa Djadjam (Frantzia-Aljeria, 2001).
‘Gaijin, os caminhos da liberdade’. Tizuka Yamasaki (Brasil, 1980).
‘Go’. Isao Yukisada (Japonia, 2001).
‘Hester street’. Joan Micklin (AEB, 1975).
‘In this world’. Michael Winterbottom (Erresuma Batua, 2002).
‘Joe Hill’. Bo Wideberg (Suedia-AEB, 1971).
’L’horizon perdu’. Laila Marrakchi (Maroko-Frantzia, 2000). *
‘La línea del estrecho’. Javier Gil (Espainia, 1997). *
‘La piel quemada’. Jose Maria Forn (Espainia, 1967).
‘La promesse’. Luc eta Jean-Pierre Dardenne (Belgika-Frantzia, 1996).
‘Las cartas de Alou’. Montxo Armendariz (Espainia, 1990).
‘Les oiseaux du ciel’. Eliane de Latour (Frantzia, 2005).
‘Moonlighting’. Jerzy Skolimowski (Erresuma Batua-Alemania, 1982).
‘Nybyggarna’. Jan Troell (Suedia, 1972).
‘Pase negro’. Patxi Barco (EH, 1998). *
‘Pelle Erobreren’. Bille August (Suedia-Danimarka, 1987).
‘Río Abajo’. Jose Luis Borau (Espainia-AEB, 1984).
‘Rocco e i suoi fratelli’. Luchino Visconti (Italia-Frantzia, 1960).
‘Said’. Lorenzo Soler (Espainia, 1999).
‘Someone else’s America’. Goran Paskaljevic (Jugoslavia, 1995).
‘Un franco, 14 pesetas’. Carlos Iglesias (Espainia, 2006).
‘Utvandrana’. Jan Troell (Suedia, 1971).
‘Va, vis et deviens’. Radu Mihaileanu (Frantzia-Belgika-Israel-Italia, 2005).
‘Vivre au paradis’. Bourlem Guerdjou (Fra-Alj-Belg-Norv, 1998).
- Film laburrak
(Puede haber caducado)