Etorbidea zubiak berriz lotzen ditu Bidasoaren bi aldeak

Irekia da beriz Etorbidea zubia, 2021eko urtarriletik hetsia zena, lehenik, covid-19agatik, ondotik «arrisku terrorista» argudiaturik. Oinezkoen zubiak, urriaren 29tik berriz lotzen ditu Bidasoaren bi aldeak. Protestak egin dituzte herritar eta arduradun politikoek irekitzea galdeginez.

Gara, Kazeta, 30-10-2023

Frantziar Gobernuak Hendaia eta Irun lotzen dituen oinezkoen Etorbidea zubi historikoa berriz ireki du igande honetan, urriak 29, iragarri baino egun bat lehenago, Frantziar agintariek ia hiru urtez hetsia egon ondotik.

Hendaiako Herriko Etxeak jakinarazi duenez, gaur goizean Hendaiako eta Irungo auzapezak zubian elkartuko dira.

Urriaren 11n, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi zuen urriaren 30ean berriz irekiko zituela oraindik hetsiak zituen lau pasabideak, Etorbidea zubikoa, Larrañekoa, Urkiagakoa eta Izpegikoa, Munduko Errugbi Txapelketa finitu ondoren.

Adierazi zuenez, Gerald Darmanin frantziar Barne ministroak gutun bidez eman zion erabakiaren berri irailaren 30ean Fernando Grande-Marlaska espainiar homologoari, eta esan zion «patruila mistoekin inguru horietan eginiko aitzinamenduengatik» ireki zutela berriz. Hain zuzen ere, Bartzelonan urtarrilaren 19an adostutariko «mugaz gaindiko lankidetza areagotzeagatik».

Herritarren mobilizazioak

2021eko urtarrilean Etorbidea zubia erabat hesiturik geratu zenetik, Bidasoaren bi aldeetako gizarte-erakundeek salatu zuten kontrol horien helburua ez zela «arrisku terrorista», baizik eta migratzaileen sartzea mugatzea.

Hendaia, Irun eta Hondarribiako herriko etxeek, bai eta bi aldeetako alderdi eta erakundeek ere, behin eta berriz eskatu zioten Frantziar Gobernuari pasabide hori berriz irekitzea, kasik 13.000 herritarren izenpedurek babesturiko aldarrikapena.

Denbora honetan zubia bi aldiz ireki da: 2022ko azaroaren 1ean, Hendaiatik eta Irundik etorri ehun bat pertsonek zubian planto egin eta hesiak kendu zituzten, hurrengo egunean Prefekturaren aginduz berritu ziren; eta uztailaren 3an, Frantziako Tourra ondoan den Santiago zubitik igarotzean.

Migrazioak

Ez da ahantzi behar zubia hetsirik izan delarik migratzaileentzat igarobidea zaildu dela. Bidasoa ibaia zharkatuz hil diren pertsonak ere badira. Irailean Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak jakinarazi zuen frantziar Estatuko Poliziak gauzaturiko etorkinen kanporatzea ez dela legezkoa, «Frantziatik beren borondatez ateratzeko» ekubidea baitute. Hala ere, mugetako kontrolak atxikitzeko erabakia berretsi zuen Estatuak orduan.

Bidasoaldeko herritarrek eta agintariek behin baino gehiago aldarrikatu dute ez dutela haien bizitza ulertzen elkarrekin ez bada, eta zubi horrek elkartzen dituela. Kasik hiru urte hauetan izan duten muga berriz ere lotura dute zubia irekirik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)