LABen iritziz, «ez da kasualitatea» hildako azken langilea etorkina izatea

Berria, 11-08-2006

Erredakzioa

Donostia

Carlos Hermenegildo Avila Zambrano deitzen zen. Ekuadortik etorri zen Euskal Herrira, eta Donezteben bizi zen. Basaran Arospide basogintza enpresarentzat egiten zuen lan. Asteazken arratsaldean moztu berri zuen zuhaitzaren enborra gainera erori zitzaion eta hil egin zen. Jadanik, Euskal Herrian 61 langilek galdu dute bizia lanean ari ziren bitartean, eta, LABen irudiko, «ez da kasualitatea» hildako azken behargina etorkina izatea. Sindikatuaren irudiko, euren lan baldintzak errespetarazteko «baldintza okerrenak dituztenak dira».

Sindikatuak uste du, gainera, lan istripuak ez direla «zorigaitzaren ondorio, patronalaren jarreren ondorio baizik»: «Izan ere, patronalak bere irabazi ekonomikoei lehentasuna ematen die, langileen segurtasuna eta osasuna kontuan hartu gabe», salatu zuen sindikatu abertzaleak atzo prentsa ohar batean.

LABek gogorarazi du gutxienez 22 direla Nafarroan hildako langileak eta 61 Euskal Herri osoan hildakoak. Sindikatuak Administrazioaren jarrera salatu du. «Lan merkatuaren araugabetzea bultzatzen ari da». Bestetik, enpresaburuek legea urratzen dutela eta horren aurrean «begiak ixten» dituela salatu du. Gaur goizeko 11:00etan Doneztebeko Enplegu Zerbitzuaren aurrean elkarretaratzera deitu du.

Azken lan istripuaren harira, Batasunak ere gaitzetsi du Administrazioaren pasibotasuna. Iruñeko eta Gasteizko gobernuei lan prekarietatea eta istripuak geldiarazteko neurri legalak eta ekonomikoak hartzeko eskatu die. Araitz ibarreko herritarrei mobilizazioekin bat egitera deitu die.

Ez da mobilizazio bakarra izango. Gaur 19:00etan elkarretaratzera deitu du SOS Ezkerraldea gizarte mugimenduak, Servicios Siderurgicos Industriales azpikontratako langilearen heriotza dela eta. Larunbatean hil zen, makina bateko ateak harrapatuta. SOS Ezkerraldeak enpresaburuak egiten ditu egoeraren errudun, etekin ekonomikoa lehenesten dutelako langileen biziaren aldean.

HIRU LAN ISTRIPU. DYAk atzo lan istripuan hiru lagun zauritu zirela esan zuen. Trapagarango Invaldeca industrialdean 28 urteko langile bati txapa batzuk gainera erori eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten, zaurituta. Bilbon, goizeko 08:35ean, Santurtziko langile bati manipulatzen ari zen paleko materialak gainera erori zitzaion. Azkenik, Barakaldon 54 urteko langile bat erori egin zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)