NBEk gizateriaren aurkako krimentzat jo du Gazarako giza laguntza mugatzea
Berria, , 21-10-2023Israelek Gaza erabat setiatzea, hango herritarrei edateko ura, oinarrizko elikagaiak eta osasun baliabideak mugatzea, sistematikoki zibilen etxeak eta azpiegiturak suntsitzea, eta ebakuazio agindu beteezinak ematea: horiek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu talde batek, atzo argitaratutako ohar batean. Gerran egonda ere, «ez dago halako ekintzarik justifika dezakeen ezer».
Rafahko pasabidea (Egipto) noiz irekiko zain daude ehunka kamioi eta bi milioi pasatxo gazatar. Herenegun, Israelek eta Egiptok adostu zuten —AEB Ameriketako Estatu Batuen bitartekaritzarekin— pasabide horretatik Gazara laguntza humanitarioa sartzen uztea. Dena den, ez dago argi noiz iritsiko den laguntza hori. Batetik, Israelen bonbardaketek suntsitutako pasabidearen zenbait zati konpontzen ari da Egipto; eta, bestetik, sartuko den laguntzaren inguruko «azken xehetasunak eta mugak» eztabaidatzen ari dira oraindik. NBEko idazkari Antonio Guterres eztabaida horietan parte hartzen ari da atzotik, «mugan dauden kamioiak ahalik eta lasterrena mugitu ahal izateko». Laguntza humanitarioa gerarazita dago, beraz, eta Kairok Tel Avivi leporatu zion blokeoa. «Israelen erasoek blokeatzen dute pasabidea, ez guk», esan zuen Egiptoko Atzerri Ministerioko bozeramaile Ahmed Abu Zeidek.
Joe Biden AEBetako Gobernuko presidenteak iragarri zuen, atzo, «hurrengo 24-48 orduetan» sartuko dela laguntza Rafahtik, Israelek eta Egiptok adierazi diotela «konpromisoa» hartu dutela hori egiteko. Hain zuzen, atzo Etxe Zurian Charles Michel Europar Kontseiluko buruarekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordekoarekin batzartu eta gero azpimarratu zuen hori.
Arreta guztia Gazan dago jarrita, baina Zisjordaniaren aurkako erasoak ere ez dira nolanahikoak. NBEk ohartarazi zuen, atzo, Israelgo Polizia indarkeria «areagotzen» ari dela ren Zisjordaniako palestinarren aurka. Atzo bertan, 69 palestinar inguru atxilotu zituzten —denera, zortziehun palestinar inguru atxilotu dituzte hilaren 7an gerra hasi zenetik—.
Poliziaren indarkeriaz gain, erakundeak salatu zuen areagotu egin direla kolono juduen erasoak ere. Hilaren 7tik, gutxienez 81 palestinar hil dituzte Israelgo kolonoek eta indar armatuek, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Erasoen areagotze horren adierazle, hona hemen Israelgo Segurtasun Ministerioak atzo helarazitako datu bat: gerra hasi zenetik, gutxienez 100.000 zibilek erregistratu dute armak erabiltzeko lizentzia lortzeko eskaera.
Gatazkarekin zuzenean lotuta, Hamasek atzo iragarri zuen aske utzi dituela urriaren 7an bahitu zituen bi estatubatuar, «arrazoi humanitarioengatik», Qatarren bitartekaritza dela medio. Al-Qassam Brigadetako bozeramaileak eman zuen horren berri, Telegramen. Hamasek 200 bat pertsona bahitu zituen urriaren 7an, Israeli eraso egin zionean.
Egunotan, bi aldeek adierazi dute «bataila luzea» izango dela oraingoa. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek atzo aurreratu zuen hiru fase izango dituela Israelen gerra estrategiak. Lehenik, «aire bidezko kanpaina eta taktika militar bat» egingo dute, helburu duena «Hamaseko kideak hiltzea eta haien azpiegiturak suntsitzea»; gero, «intentsitate txikiagoko baina etenik gabeko borrokaldi bat» iritsiko da; azkenik, «Gazako zerrendan segurtasun erregimen berri bat» sortuko dute. Haren arabera, ordea, delako erregimen berri horretan Israelek ez luke hango herritarren gaineko «ardurarik» izango.
Hain justu, gerraren hurrengo jokaleku posibleak izango dituzte hizpide gaur nazioarteko zenbait herrialdek, Kairon egingo duten Bakearen Goi Bileran. Euren parte hartzea baieztatu duten estatuen artean daude, besteak beste, Bahrain, Egipto, Alemania, Japonia eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas. Israelgo agintariak ez dira joatekoak.
Bidenen konparazioa
«Bi mehatxu desberdin dira Putin eta Hamas, baina badaukate ezaugarri komun bat: biek nahi dituzte euren alboko demokraziak amaitu». Joe Biden AEBetako presidentearen hitzak dira, Tel Avivetik itzuli ondoren herenegun gauean egindako agerraldian esanak. Maila berean jarri zituen Israel eta Ukraina; Hamasek hilaren 7an egindako «eraso terroristaren biktima» da bata, eta Errusiarena bestea.
Gero, Etxe Zuriak ofizialki egin zuen Israeli laguntza gehiago emateko eskaera, eta kopuru zehatz bat eman zuen: 14,3 mila milioi dolar (13,5 mila milioi euro). «Orain ez da AEBek gatazkatik ihes egiteko garaia; AEBen lidergoak eusten baitio munduaren batasunari», esan zuen.
(Puede haber caducado)