Milioi bat palestinarri 24 ordu eman die Israelek Gaza iparraldetik ateratzeko
Berria, , 13-10-2023Ultimatuma eman die Israelek Gazako biztanleen erdiei, hau da, milioi bat pasatxo palestinarri: 24 ordu dituzte Gaza iparraldetik ateratzeko eta hegoaldera joateko. Hala zabaldu du Nazio Batuen Erakundeak, eta agindua bertan behera uzteko eskatu dio Israelgo Gobernuari, «dagoeneko tragedia dena hondamendi bihur ez dadin».
Bart gauean eman du agindua Tel Avivek. NBEri adierazi dionez, Wadi Gazatik iparraldera bizi den orori hegoaldera joateko agindu dio. Gazaren erdian dagoen erreka eta hark sorturiko ibar bat da Wadi Gaza. Azpiko infografian marra gorriarekin markatuta dago.
Gaza Hiria hustu beharreko gunean geratzen da. NBEk esan duenez, 1,1 milioi pertsona mugitu beharko lirateke, Israelgo Armadaren agindua betetzekotan.
«Nazio Batuen Erakundeak uste du ezinezkoa dela halako mugimendurik egitea ondorio izugarririk gabe», adierazi du NBEk agiri baten bidez. NBEk esan duenez, «sutsuki eskatzen du halako agindu bat, baieztatuz gero, atzera botatzeko, dagoeneko tragedia bat dena hondamendi bihur dezakeelako». Gainera nazioarteko erakundeari zuzenean eragiten dio aginduak, Israelek hango langileei ere ateratzeko agindu baitie, baita hark kudeaturiko ikastetxe, erietxe eta bestelakoetan babes hartuta dauden herritarrei ere.
Gaur arratsaldean biltzekoa da NBEko Segurtasun Kontseilua egoera aztertzeko.
Israelek gogor jo du NBEren kontra, agiria dela eta. Agindua bertan behera uzteko eskaera «lotsagarria» dela esan du Gilad Erdan Israelek NBEn duen enbaxadoreak. «Israelen alde egin beharrean, zeinaren herritarrak sarraskitu dituzten Hamaseko terroristek, Israeli hartu dio kargu».
(Puede haber caducado)