Urriaren 30ean zabalduko dute Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia

Bidea itxita dago 2021etik, eta ordutik hamaika izan dira hura zabaltzeko eskatu dutenak. Itxita dagoen mugetako azken pasabidea da.

Berria, Paulo Ostolaza, 11-10-2023

Ia hiru urteren ostean heldu da albistea: ireki egingo dute Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko oinezko zubia. Urriaren 30ean izango da, Fabrice Rosay Baionako suprefetak Kotte Ezenarro Hendaiako alkateari baieztatu dionez. 2021eko urtarriletik dago itxita, ofizialki, «legez kanpoko migrazioari eta terrorismoari» aurre egiteko. Pirinio Atlantikoetako prefeturak mugetako zortzi pasabide hesteko agindua eman zuen orduan; itxita jarraitzen duen bakarra da Etorbidea zubia.

Ordutik, ugariak izan dira bidea irekitzeko eskaerak. Uztailaren 3an ordu batzuez ireki zuten Frantziako Tourra zela eta, baina lehengora itzuli zen hurrengo goizean. Migranteei laguntza ematen dieten elkarteek, sindikatuek eta eragile politikoek deituta elkarretaratzea egin zuten orduan. «Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; eskualdea militarizatu dute, pasabideak oztopatu», salatu zuten. «Etengabeko kanporaketak eta kontrol arrazistak» ere gaitzetsi zituzten.

Instituzioek ere deitu zuten protesta bat. Bertan izan ziren Ezenarro, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria. Auzapezen kexa horri erantzunez, Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero» irekiko zela Etorbidearen zubia.

Horrez gain, abokatu talde batek ere egin zion dei prefetari mugetako pasabideak irekitzea eskatzeko. Haien arabera, Frantziako Tourrerako pasabideak ireki izanak frogatu zuen administrazioak erabili duen «mehatxu terroristaren» argumentua ez dela baliozkoa. Sinadura bilketa bat abiatu zuten eskaera babesteko, eta 12.000 lagunek izenpetu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)