Israelek dio Gazako mugaren kontrola erabat berreskuratu duela

Berria, Maddi Iztueta Olano/Paulo Ostolaza, 10-10-2023

Israelen aurkako ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek herenegungo ordu txikietan. Israelgo armadak, bonbardaketei erantzun, eta berehala deklaratu zuen gerra. Kontraerasoa ez da nolanahikoa izan. Burdinazko ezpata deitu dioten operazioaren bitartez, Israelek jada berreskuratu ditu larunbatean palestinarrek hartutako eremu gehienak. Daniel Hagari Israelgo armadaren bozeramailearen arabera, berreskuratu dute Gazako mugaren kontrola: «Azken 24 orduetan ez da miliziano bat bera ere sartu gure lurraldean».

Israelen lurraldean jada 1.500 milizianoren gorpuak topatu dituztela ere adierazi du armadak. Gauean, gainera, Gaza bonbardatzen jarraitu dute hegazkinek. Beste berrehun helbururi egin diete eraso.

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek atzo ohartarazi zuen «erabateko setioa» egingo dutela Gazan. «Animaliak diren gizakien aurka ari gara borrokatzen, eta horren arabera jokatuko dugu. [Gazako mugan] ez dago ez argindarrik, ez janaririk, ez urik. Dena itxita dago».

Israelek jakinarazi du bere aldean gutxienez 900 lagun hil eta 2.300 zauritu dituztela larunbatetik hona, eta Palestinak, berriz, 704 hildako eta 4.000 zauritutik gora zenbatu ditu. Erasoaren tamainaren adierazle, datu hau: Bigarren Intifada osoan (2000-2005) Palestinako indarrek hil zituzten israeldarren kopuru bertsua hil du azken hiru egunetan Hamasek —1.010 hildako israeldar izan ziren Bigarren Intifadan, eta 2.700-3.200 palestinar—. Dena den, azken egunetako datuei gehitu behar zaizkie Israelgo militarrek hildako miliziano palestinarrak —Israelgo Gobernuaren arabera, ehunka dira—, eta Hamasek eta Jihad Islamikoak bahituta dauzkaten 130 lagun.

Berria

Izan BERRIAlaguna

Hasi saioa
Mundua

Israelek dio Gazako mugaren kontrola erabat berreskuratu duela
Gauean beste berrehun helburu bonbardatu dituzte Gazan. Defentsa ministro Yoav Gallanten arabera, «animaliak diren gizakien aurka» ari dira borrokatzen, eta jakinarazi du blokeatuta daukatela Gaza, urik, argindarrik eta janaririk gabe. Israelen eta Libanoren arteko mugara zabaldu da gatazka.

Gazatik ihesean
2023ko urriak 10 09:04 0
Israelen aurkako ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek herenegungo ordu txikietan. Israelgo armadak, bonbardaketei erantzun, eta berehala deklaratu zuen gerra. Kontraerasoa ez da nolanahikoa izan. Burdinazko ezpata deitu dioten operazioaren bitartez, Israelek jada berreskuratu ditu larunbatean palestinarrek hartutako eremu gehienak. Daniel Hagari Israelgo armadaren bozeramailearen arabera, berreskuratu dute Gazako mugaren kontrola: «Azken 24 orduetan ez da miliziano bat bera ere sartu gure lurraldean».

Israelen lurraldean jada 1.500 milizianoren gorpuak topatu dituztela ere adierazi du armadak. Gauean, gainera, Gaza bonbardatzen jarraitu dute hegazkinek. Beste berrehun helbururi egin diete eraso.

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek atzo ohartarazi zuen «erabateko setioa» egingo dutela Gazan. «Animaliak diren gizakien aurka ari gara borrokatzen, eta horren arabera jokatuko dugu. [Gazako mugan] ez dago ez argindarrik, ez janaririk, ez urik. Dena itxita dago».

Israelek jakinarazi du bere aldean gutxienez 900 lagun hil eta 2.300 zauritu dituztela larunbatetik hona, eta Palestinak, berriz, 704 hildako eta 4.000 zauritutik gora zenbatu ditu. Erasoaren tamainaren adierazle, datu hau: Bigarren Intifada osoan (2000-2005) Palestinako indarrek hil zituzten israeldarren kopuru bertsua hil du azken hiru egunetan Hamasek —1.010 hildako israeldar izan ziren Bigarren Intifadan, eta 2.700-3.200 palestinar—. Dena den, azken egunetako datuei gehitu behar zaizkie Israelgo militarrek hildako miliziano palestinarrak —Israelgo Gobernuaren arabera, ehunka dira—, eta Hamasek eta Jihad Islamikoak bahituta dauzkaten 130 lagun.

Bi liderren adierazpenei erreparatuta, badirudi borrokak luze iraungo duela. Hain zuzen, erreserbako 300.000 soldadu ingururi borrokan parte hartzeko agindu die Israelek, eta iragarri du soldadu gehiago errekrutatu nahian dabiltzala. Asmoa da horiek guztiak Gazako mugara bidaltzea. Halere, hori egin baino lehen eremu horretan bizi diren israeldarren komunitate gehienak ebakuatu dituzte, horien «segurtasuna» bermatzeko. Izan ere, helburu argia du Israelek: Hamasen indar militarra «erabat» eta «behin betiko» suntsitzea, Israelgo armadako bozeramaile Jonathan Cornicusek X sare sozialean zabaldutako bideo batean jakinarazi duenez.

Hain justu, larunbat goizetik hona, Israelgo hegazkinek eraso egin diete ustez Hamasenak diren ehunka eraikini; besteak beste, base militarrei, arma biltegiei eta tunelei. Bart gauean soilik, bostehun helburu jo dituzte. Gazako Osasun Ministerioak, ordea, ospitaleei eraso egitea egotzi dio Israeli, baita hiru osasun langile hil eta bost anbulantzia suntsitzea ere. Gaurko erasoaldian, gainera, Gazan dauden bi errefuxiatu kanpalekuri eraso die Israelek. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 50 lagunetik gora hil dituzte. Hamasek Tel Avivi ohartarazi dio bere esku dituen gatibu zibilak exekutatzen hasiko dela baldin eta Israelek Gazako herritarren etxeak bonbardatzen jarraitzen badu aurrez horiek husteko abisurik eman gabe.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren esanetan, bonbardaketak «hasi besterik ez dira egin», eta «egun gogorrak» izango dira hurrengoak. Jakinarazi zuenez, Hamaseko miliziano batzuk Israelgo lurretan daude oraindik.

Hamas, berriz, prest agertu da su eten bat negoziatzeko Israelekin, erasoarekin lortu nahi zituen helburuak bete dituela iritzita. Moussa Abu Marzouk buruzagiak Al Jazeerari adierazi dionez, «elkarrizketa politiko orotarako» gertu daude.

Ekialde Hurbila, kolokan

Gatazkak sekulako oihartzuna izan du, eta borroka bera ere zabaldu da Israelek Libanorekin duen muga ingurura. Netanyahuk helarazi du lehen abisua: «Israelen erantzunak Ekialde Hurbila eraldatuko du». Gaza bonbardatzen aritzeaz gain, Libano hegoaldearekin duen mugako zenbait eremuri ere eraso egin die Israelek.

Izan ere, Libanoko Hezbollah talde xiitak atzo goizean Israelen aurka egindako eraso bat bere gain hartu zuen; eta, gaur, Israelgo armadak salatu du Libanoko muga zeharkatu, eta Israelera sartu direla Hezbollahko zenbait miliziano. Israelek jakinarazi du gero miliziano horietako zenbait hil dituztela, baina Hezbollahko ofizial batek ukatu egin du gisa horretako operaziorik egin izana. Ordu gutxira, mugimendu hori bere gain hartu du Palestinako Jihad Islamikoak.

Operazio horren ondorioz, ordea, borroka eremu bihurtu da Libanoren eta Israelen arteko muga. Israelgo armadak baieztatu du hegazkin militarren bitartez erasoak egin dituztela hor. Erasoekin hasi baino lehen, ordea, muga horretatik gertu bizi diren komunitate israeldarrei «gune seguruetan» gordetzeko aholkatu die. Bada, Hezbollahk baieztatu duenez, haren lau kide hil dira bonbardaketa horietan. Miliziak misilak eta morteroak jaurti ditu Israelgo armadaren bi gune militarren aurka.

Nazioartea, gatazkari adi

Gaur-gaurkoz, Israelen alde lerratu dira gatazkaren inguruan hitz egin duten nazioarteko lider politiko gehienak. Netanyahurekin berriro hitz egin du gaur goizaldean AEBetako presidente Joe Bidenek, eta «baldintzarik gabeko babesa» eskaini dio beste behin. Geroxeago, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak eman ditu laguntza horren inguruko zenbait xehetasun. AEBak prest leudeke Israeli laguntza militar gehiago bidaltzeko: hegazkin eta ontzi militarrak, soldaduak eta armak, besteak beste.

Baina AEBek beren asmoen berri eman eta gutxira, tentuz ibiltzeko esan diete Irakeko talde armatuek: «Palestina ez da Ukraina». AEBek gatazkan parte hartuz gero, Iraken dituzten base militarrak «helburu militar legitimoak» izango lirateke herrialdeko talde armatuentzat, Libanoko Al-Ahed berri agentziak atzo jakinarazi zuenez.

Bide beretik, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan «beste eragile bat» sartzearen arriskuaz ohartarazi du Errusiak. Washingtonek iragarritako mugimenduen harira, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek AEBei egotzi die «ahalegin kolektiboen aurka» egitea eta «politika kaltegarriak» sustatzea. «Gu [Errusia] prest gaude bake egonkor baten alde egin nahi duten herrialdeekin elkarlanean aritzeko», adierazi du gero.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua bildu zen atzo, Brasilek deituta —herrialde horrek baitu presidentetza—. NBEren bileran, ordea, ez zuten lortu jarrera bateraturik adostea. Segurtasun kontseiluko hainbat kidek Hamasen erasoa gaitzetsi zuten, baina Errusiak eta haren aliatuek esan zuten Hamasen erasoa salatzeaz gain «ikuspegi zabalago bat» espero zutela. «Gure mezua borrokak gelditzearen aldekoa zen, su eten bat adosteko eta negoziazio garrantzitsuei ekiteko, azken hamarkadetan aldarrikatu dugun moduan», esan zuen Errusiako enbaxadoreak.

Biden ez ezik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere harremanetan da Netanyahurekin. Eta Israelgo lehen ministroaren arabera, ez da izan babesa helarazi dion Europako agintari bakarra. Aipatu ditu, besteak beste, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Rishi Sunak Erresuma Batukoa. EB Europako Batasunak ere elkartasuna adierazi dio Israeli, eta blokeko Atzerri ministroak bihar dira biltzekoak.

Bestalde, Arabiar Ligako Atzerri ministroak asteazkenean dira biltzekoak, Kairon (Egipto). Orain arte, Egiptok egin ditu Israelen eta Palestinaren artean bitartekari lanak. Egiptoren arabera, «eraso handi bat» izango zelako abisua emana zion Netanyahuri, baina Israelek ukatu egin du hori.

Giza laguntza, etenda

NBEren arabera, larunbatetik hona 137.000 lagunek egin dute ihes etxetikGazan. Elikagai eta baliabide eskasia ez dira kontu berriak han bizi diren palestinarrentzat, baina gatazkak muturrera eraman du zaurgarritasun eta arrisku hori. Batez ere, Israelek eremuan ezarriko duen blokeoaren ondoren.

Orain arte, zenbait GKEk eta estatuk bidalitako giza laguntza jaso dute Gazako biztanleek. Baina laguntza hori etetea erabaki dute Austriak eta Alemaniak. Europako Batzordeak iragarri du berriz aztertuko duela Palestinara bideratzen duen laguntza ekonomikoa, «terrorismoa» finantzatzeko erabiliko ez dela ziurtatzeko. Neurri horretatik salbu utzi ditu giza laguntzarako programak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)