Emazte bat atxilotu dute Baionan banaturiko trakta arrazisten harira
Irailaren hastapenean Baionan gaindi zabaldu esku-paper islamofobo eta arrazisten jatorrian egon daitekeenaren susmopean, emazte bat atxilo hartua izan da. Trakta horien edukia salatu dute hainbat elkartek.
Gara, , 02-10-2023Hirurogeita hamar urteko emazte bat, Baionan agertu diren esku-paper arrazisten eragilea delakoan, polizia etxera eraman dute irailaren 27an, asteazkenez, France Bleu Pays Basque-k jakinarazi duenez. Bere atxiloaldia irailaren 29a arte luzatua izan behar zen, eta justiziak erabaki bat hartu beharko luke. Auzitegi Korrekzionalera bidalia izan daiteke, Polizia Judizialeko Ofizialen Zitazio baten bidez. Artikulu hau argitaratzeko orduan, informazioa oraindik ez da baieztatua.
Elkarteen salaketa
Euskal Herriko hainbat sindikatu, elkarte, alderdi eta mugimendu politikok kolektiboki erantzun diote irailaren hastapenean Baionan gaindi zabaldu esku-paperari. «Euskal Herrian bizi diren musulman eta gainerako islamiarrei oharra» izenburuarekin banatu trakta «erresistentzia katoliko frantziar-euskalduna» deiturarekin izenpetua zen.
Etorkinekin-Diakite, EELV Pays Basque, FSU 64, LAB, UL CGT Bayonne, Solidaires Pays Basque, Bizi migratzaileak, NPA Pays Basque, EH Bai, LFI, UL CGT Hendaia, Bidasoa Etorkinekin eta Les Bascos elkarteek elkarrekin salatu dute «testu zozo bat da, bortitza arabiarren kontra, arrazakeriari eta islamofobiari men egiten diena».
Frantziar Gobernuaren jokabideaz, agiri bateratuaren sinatzaileek diote «atzerritarren, musulmanen eta arabiarren kontrako gorrotoa areagotu egiten da, Gobernuaren hitzek eta ekintzek bultzatzen duten heinean. Horrela, katoliko integristen traktak Darmanin ministroak Immigrazio Legearen proiektuaren aurkezpenean erabili hitzak jasotzen ditu: paperik gabekoei “bizitza ezinezko bihurtzea”, eta abayaren eta quamien eskolan berriz sartzea debekatzen duten neurriek hitz islamofoboak elikatzen dituzte». Udazkenean eztabaidatzekoa da Migrazio Legearen proposamena.
Etorkinekin-Diakite federazioak, «eskuin muturrak bere ideologia nazkagarria gero eta ageriago erakusten duen garai honetan», migratzaile eta erbesteratuen harrera eta laguntza solidarioaren alde lanean jarraituko duela dio oharrak.
Renaissance Pays Basque-k ere ohar bidez gaitzetsi du traktetako edukia, «erabiltzen duen biolentzia» bereziki. Emmanuel Macronen alderdia «Inoiz baino deliberatuago» dago «demokrazia gaiztotu nahian ari diren arrazista eta beste estremista batzuen aurka borrokatzeko».
(Puede haber caducado)