Lan eskubideak
ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»
Enpresak «arrazakeria» akusazioak ukatu ditu. Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.
Berria, , 27-09-2023ESK sindikatuak salatu du Iparvending taldeak langile bat kaleratu duela, enpresak eta Ertzaintzak «tratu iraingarria eta arrazista» eman ondoren. Langilea marokoar jatorrikoa da, sei hilabeteko behin-behineko kontratua zuen, eta probaldian zegoen.
Enpresak «arrazakeria» akusazioak ukatu ditu, baina ez ditu zehaztu kaleratzearen arrazoiak, kaltetutako «pertsonarekiko errespetuagatik».
Sindikatuak azaldu duenez, abuztuaren 22an Ertzaintzaren Berrozi taldearen instalazioetako elikagai makinak hornitzera joan zen. Lana amaitu ondoren, ertzain batek furgonetatik jaisteko eskatu zion, 2019ko gertakari batzuei buruz hitz egiteko —Ertzaintzaren salaketa bat jaso zuen gazteak, urte eta erdiko espetxe zigor eskaerarekin, baina, epaiketaren ondoren, absolbitu egin zuten—; horrekin batera «agenteekin duen jarrera aldatzeko» eta «arazoetan sartzeari uzteko» eskatu zion.
Ertzaintzaren egoitza utzi eta enpresaren pabiloira iristean, enpresako arduradunak jakinarazi zion dei bat jaso zuela gaztearen aurrekari judizialen berri emanez, eta esan zion lan kontratua etengo ziola. Langileak salaketa jarri du epaitegian.
«Zalantzarik gabe, diskriminaziozko eta jatorri arrazistako tratu baten aurrean gaude. Zoritxarrez, ez da kasu bakan bat, baizik eta arrazializatutako pertsona askoren egunerokoa da, eta, enplegu prekarioak eskuratzeaz gain, Ertzaintzaren edo enpresen estigmatizazioa jasan behar izaten dute beren lana egiten duten bitartean», salatu du ESK-k.
Berri agentzia bati egindako adierazpenetan, enpresak ukatu egin ditu akusazioak, eta azpimarratu du langilea kontratatu zutela «bere baldintza pertsonalekin zerikusirik duen ezer kontuan hartu gabe».
(Puede haber caducado)