Arrazakeriaren eta polizia bortizkeriaren kontra mobilizatu dira Baionan
Irailaren 23an, larunbatarekin, «justiziaren aldeko martxa» egin dute Baionan, hamabi erakunde politiko eta sindikatuk deiturik.
Gara, , 25-09-2023Ipar Euskal Herriko 12 erakunde politiko eta sindikalek «justiziaren aldeko martxa» baten egiteko deia egin dute irailaren 23an, larunbatez, Baionan. Suprefeturatik abiatuz 10:30ean, 200 pertsona inguruk herriko etxera arteko ibilbidea egin dute «arrazakeriaren eta polizia bortizkeriaren aurka». Ehun bat elkarretaratze antolatuak ziren frantziar Estatuan.
«Gobernuak urrats bat egin du poliziaren bortizkerian, erretreten aldeko mobilizazioetan eta mugimendu ekologistekin. Ekintza militantearen kriminalizazio baten lekuko da», salatu du FSU sindikatuko Barthelemy Mottayk.
Ordezkari sindikalak oroitarazi du iragan martxoaren 23ko Baionako sindikatu arteko manifestazioa «bortizkeria handiko» atxiloketekin amaitu zela. «Aski adierazgarria da Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Nazionala izaitea auzi horiek bere gain hartu zituena», azpimarratu du.
Borroka antiarrazista Euskal Herrian
Beste kezka bat: eskuin muturraren gorakada. «Euskal Herria ez da sekula oso lur emankorra izan eskuin muturrarentzat, zorionez. Baina ikusten da bere militanteak konfiantza irabazten ari direla. Esku-orriak banatzera ausarturik», larritu da, azken egunetan Baionan esku-orri islamofoboak zabaldu direla aipatuz.
Sindikalistak bere buruari galdetu dio «Zer huts egin dugu?» eta mobilizatzera dei egin du.
Bestetik, irailaren 17an, igandez, Maule-Lextarre eta Saint-Medard-en-Jallesen arteko errugbi partidatik landa, euskal zale batzuek irain arrazistak egin zituzten girondar selekzioko hiru jokalari fijiarren kontra.
*Erredakzioan itzulia.
(Puede haber caducado)