Greba feminista orokorra
Mugimendu feministak zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera dei egin du
Azaroaren 30eko greba orokorrerako deia egin dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, «zaintza sistema iraultzeko urgentzia» nabarmenduta.
Berria, , 20-09-2023Kutxaz osatutako hesi bat, adreiluak balira bezala. Kutxa bakoitzean, mezu bat: «Atzerritartasun legea», «errolda», «lan feminizatuak eta arrazializatuak». Mezu bakoitza, bizimodu duina oztopatzen duen traba bat. Traba horiek kendu eta, egungo sistemari buelta emanda, zaintza eredu «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzeko eta «zaintza eredu publiko eta komunitario berri bat» eraikitzeko aldarria egin du mugimendu feministak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurretik. Iruñean, Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan egin dute agerraldia; Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean; eta Gasteizen, Arabako Diputazioaren parean.
Iruñeko ekitaldian, mugimendu feministaren izenean hitz egin dute Ekhiñe Petriatik eta Naroa Unanuak. «Zaintza sistema iraultzeko urgentzia» aipatu dute, gainerako ekintzaileek kutxaz osatutako hesia desegiten zuten bitartean. Azken kutxak erretiratuta, agerian gelditu da pankarta: Atzerritartasun legearen aurka, A30ean grebara goaz!, irakur zitekeen. «Zaintza lanak, gero eta gehiago, emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan», azaldu dute Petriatik eta Unanuak. «Horrek jopuntuan jartzen ditu etxez etxeko langileak, zeinek esplotazio handiena sufritzen duten, zaintzaile guztien artean. Emakume horien ehuneko handi bat arrazializatuak dira eta %29,9 egoera administratibo irregularrean daude, erroldatzeko zailtasunak dituzte, edo egoiliar lana egiten dute, horrek dakarrenarekin: familian bizitzeko aukerarik gabe, atsedenerako eskubiderik gabe, zainduak izateko aukerarik gabe eta hori guztia betikotzen duen atzerritartasun legeak babestuta».
Horregatik, «lanak aitortzeko eta banatzeko» beharra azpimarratu dute Mugimendu Feministako kideek. «Langileentzako bidezko baldintzak» aldarrikatu dituzte, lehen urrats gisa: «Instituzioak eta zaintza lanekin negozioa egiten duten enpresak bizi dugun egoeraren erantzule izanik, pribatizazioa eta zaintza lanen merkantilizazioa behingoz amaitzea exijitzen dugu». Egungo sistema «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» gainditzera eta «guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzera» dei egin dute.
Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Sailaren aurrean egin dute elkarretaratzea mugimendu feministako dozenaka kidek, Zaintzarekin negoziorik ez lelopean. Gizarteko Politikako Departamentuaren egoitzaz gain, zahar etxe ugari daude Intxaurrondo auzoko Txaran, eta ez da kasualitatea izan mugimendu feministak elkarretaratzea hor egitea. «Zahar etxeei erreparatuz, aipatu nahi dugu geroz eta pribatizatuagoa dagoen eremua dela. Guk sistema publikoa indartzea eta zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea exijitzen dugu. Era berean, zaintzaren sektorean lanean dabiltzanen lan baldintzak urgentziaz hobetzea exijitzen dugu», adierazi du Elene Lopetegik eta Amaiur Egurrolak, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean.
Gizonak ere aipagai izan dituzte azaroaren 30eko grebaren harira: «Haiei ere exijitzen diegu dagokien ardura har dezatela eta prozesu honetara batu daitezela: greba feminista orokorra izango da azaroaren 30ekoa, Mugimendu Feminista, eragile sozio-sindikalak zein euskal herritar oro kalera aterako baikara, batera». Izan ere, nabarmendu dute «jendarte osoari eragiten dion afera» dela zaintzarena, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin honakoa aldarrikatuko dutela: «Pertsona guztiok bizi osoan zehar askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea».
Mugimendu feministak adierazi du Denon Bizitzak Erdigunean deituriko prozesuarekin «jauzi politikoa» eman nahi duela: «Bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz». Azaldu dute urriaren 7an aurkeztekoak diren herri akordioak definituko duela azaroaren 30eko greba feminista orokorraren oinarria. Bien bitartean, Euskal Herriko denetariko udalerrietako greba batzordeetara batzeko deia luzatu diete euskal herritar guztiei.
Bilbon, kalea moztuta
Bilbon, arratsaldez egin du mobilizazioa Mugimendu Feministak, eta Ibañez de Bilbao kalea moztu dute eserialdi baten bidez, EAJren egoitza den Sabik Etxearen aurrean. Naia Torrealdaik eta Txefi Rocok esan dutenez, horrekin EAJren erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute: «EAJ da Bizkaian zaintzen inguruko azpiegituren merkantilizazioaren arduradun; diru publikoaz erresidentzien ituntzea eta pribatizazioa bultzatu dute, eta eguneko zentroak, jantokiak, etxez etxeko zerbitzua eta publikoa beharko lukeen hori suntsitu dute beraien interesen arabera».
Feministek kalea moztu dute, gurpildun aulkiak paratuta, eta eserialdia egin dute, beste zenbaitek Sabin Etxeko eraikinean afixak itsasten zituzten bitartean. Ertzainak agertu dira eta bi kideri datuak hartu dizkiete, baina ez da bestelako gorabeherarik egon, eta ordu erdi bat igaro ostean feministek bukatutzat eman dute ekitaldia, txalo artean.
(Puede haber caducado)