LESBOSKO IHESLARIAK. EMAKUMEAK ETA HAURRAK

Emakumeen eta haurren babesleku

Lesbosera heltzen diren ehunka emakume eta haur errefuxiatu zaurgarriri aterpea ematen die When We Band Together GKEak. Hizkuntzak ikasteko eta ahalduntzeko parada izaten dute tarte batez, miseria gorria bizkarrean dutela.

Berria, Mikel O. Iribar, 17-09-2023

Goizeko hamaikak dira, eta bada mugimendurik When We Band Together GKE gobernuz kanpoko erakundeak Lesbos uharteko Marmaro (Grezia) herrixkan duen egoitzan. Moriako errefuxiatuen kanpalekuak 2020an su hartu zuen lekutik 400 bat metrora dago. Herbehereetako GKEak hiru urte daramatza irlan, Lesbosera heltzen diren ehunka emakume eta haur errefuxiaturi leku «seguru eta babestu bat» eskaintzen, baita zaurgarriak direnei ahalduntzeko prestakuntza eta baliabideak ematen ere. Halaber, Zaporeak GKEarekin elkarlanean dihardu, eta proiektu horretako langile eta boluntarioek egunero prestatzen dituzten 2.200 errazioetatik ehun bat bertara eramaten dituzte. «Zaporeak arduratzen da sabela zaintzeaz, eta gu arduratzen gara arima zaintzeaz», esan du When We Band Together-eko koordinatzaile buru eta Kara Tepeko kudeatzaile ohi Stravos Mirogiannisek, bisitariei ongietorria egin dienean.

Pertsona arrotzak eta zuriak eremura bertaratu bezain pronto, harriduraz egin diete so adin guztietako haurrek. Pauso bat eman ahala, irribarrea atera zaie ahoan, eta boleibolean jokatzeko gonbita egin diete. Beste zenbait ume ur txirrista batean jolasean ari dira, GKEko boluntario Giannis Kamatsos koltxonetara ura botatzen ari zaien bitartean. «Bero handia egiten du». Hezkuntza prozesuan etena izan dutela eta, umeei ingelesa, alemana, frantsesa edota greziera irakasten diete, «modu entretenigarrian», eta, bidez batez, « une batez ahaztu egiten dute iraganean bizitako izua eta oraingo errealitate gordina».

Kamatsosek ondo asko daki zer-nolako zama duen errefuxiatu batek gerragatik edo jazarpenagatik sorterria atzean utzi eta herrialdez herrialde bizitza hobe baten bila joateak. «Nire ama guraso bakarra da, eta asko mugitu ginen lurralde batetik bestera». Hegoafrikarra da jaiotzez, baina Grezian bizi da egun. Otsailetik dabil lanean: «Errealitate deskribaezin batekin egin nuen topo. Errefuxiatuei Europako gizartearekin lehen harremana errazten laguntzen diegu, hein handi batean, justizia egiteko». Emakume eta haien seme-alaba errefuxiatuak «eroso, babestuak eta maitatuak senti daitezela» nahi dute GKE horretako kideek. Kara Tepeko kanpamentuak duen «baliabide faltagatik», arropa garbitzeko eta dutxa hartzeko aukera izaten dute.

Horren guztiaren itzalean isilpeko «lan handia» dagoela nabarmendu du Kamatsosek. «Elkartasun handia dago: liburuak, janaria, materiala… Erakundeek eta norbanakoek bidaltzen diguten guztia ematen diegu errefuxiatuei, etxean bezala senti daitezen». Haren esanetan, Europako gizarteak «errefuxiatuen azal latzean» jarri behar du, eta, bidez batez, GKEko boluntarioa gogoeta hau botatzera ausartu da, EB Europako Batasunari aipamena eginez: «Grezia EBren muga dela kontuan hartuta, Bruselak arreta jarri behar dio migrazio auziari; 2015ean errefuxiatuen krisia lehertu zenetik, bizkarra eman dio. Greziak soilik ezin du kudeatu».

Arropa banatzeko eguna da, eta azpiegituraren barruan, mahai luze baten gainean dauden era guztietako arropak gainbegiratzen ari dira zenbait emakume, euren poltsetan sartu aurretik: mantak, prakak, haurrentzako arropa… Eguzkiak gogor jotzen duen arren, negurako prestatzen ari dira errefuxiatuak, termometroa zero eta bost graduren artean ibiltzen baita urteko azken urtaroan. «Hemen dauden pertsonentzat jantziak biltzeko deialdiak egiten ditugu, eta herritarren erantzuna, oro har, handia izaten da. Errefuxiatuek ere, edozein herritarrek bezala, arropa txukunak nahi dituzte», azaldu du 43 urteko hegoafrikarrak. Azken arropa sorta Euskal Herritik ekarri dute; hain zuzen, Gipuzkoako arropa etxe batetik.

Ametsei heltzeko beharra

Etxe kanpoan, Afganistango nerabe batzuk sakelakoari begira daude, adi-adi; beste batzuk, berriz, karta jokoan ari dira. Fatemeh Maleki da horietako bat. «Marraztu, abestu eta dantza egiten dugu». 18 urte ditu, eta duela bederatzi hilabete heldu zen Lesbosera, ahizparekin eta amarekin. Aita, berriz, Turkian du. «Bada denbora bat ez daukagula haren berririk. Espero dut ondo egotea». Turkiatik Lesbosera eginiko bidaiaz galdetuta, hitz bakarrean erantzun du: «Gogorra». Orain aurrera jarraitu behar duela dio. Zinema munduan sartzea du amets: «Aktore izatea gustatuko litzaidake. Horretarako, Kanadara iritsi asmo dut». Ozeanoko Atlantikoaz bestaldera joateko, ordea, asiloa beharrezkoa du, eta gobernuak bitan eman dio ezezkoa. «Zain geratzea besterik ez dago». Noiz arte? «Ez dakit».

Melekirengandik bi pauso harago, 4 urteko ume txiki bat dago aulki batean eserita, buruan kapela dotorea duela. Gorputza mugitzen ari da, bozgorailutik entzuten den kanta arabiar baten erritmo bizi eta indartsuan. Bitartean, Nazanin Sadat semeari banana zatitxoak ahora gerturatzeko saiakeran dabil. Biek eta Sadaten senarrak hilabete daramatzate Lesbosen. Medikua da ogibidez 28 urteko afganiarra, eta Kabul hiriburuko erietxe batean egiten zuen lan, harik eta 2021eko abuztuan talibanek boterea berreskuratu zuten arte. «Orduz geroztik, emakumeok zapalduta geunden, eta debekatu egin ziguten lanean aritzea; neska gazteei ere ez diete ikastetxera edo unibertsitatera joaten uzten». Aitortu duenez, egun osoa etxean sartuta pasatzen zuen, eta ez zuen «inolako askatasunik».

Sadatek eta haren senarrak horregatik erabaki zuten herrialdetik ihes egitea, 2021eko amaieran. Afganistandik Iranera, eta handik Turkiara. Azken herrialde horretan «tentsio uneak» izan zituzten mugazainekin. «Poliziak Iranera itzularazi gintuzten, eta, urtebeteren ostean, bigarrenez ahalegindu ginen, baina alferrik». Hirugarrenean lortu zuten. Hilabete igaro zuten Turkian, eta ontzi batean iritsi ziren uhartera. Hotzikara eragiten dio bidaia hartaz gogoratzeak: «Oso latza izan zen. Txalupa txikia zen, eta 27 pertsona ginen, tartean zazpi haur. Estu-estu joan ginen».

Etorkizunaz galdetuta, ez dauka oraindik marraztuta geroa: «Ez daukat Lesbostik joateko asmorik. Ondo nago, baita nire senarra eta semea ere. Hizkuntzak ikasteko aukera dut, eta, beraz, ez dut pentsatu hemendik alde egitea». Bere lanbidea maite du: «Jendeari laguntzea gustatzen zait. Asko betetzen nau horrek».

Afganiarrak ez ezik, beste zenbait jatorritako errefuxiatuak ere badaude itzalpean, atseden hartzen; besteak beste, somaliarrak, sudandarrak, hegosudandarrak eta eritrearrak. Lau emakume mahai baten itzulian daude eserita, kontu kontari. Haien artean dago Asfaw Seblewongel. Eritrean jaio zen, duela 21 urte, eta, «haur txiki bat» zela, gurasoekin batera Eritreak Etiopiarekin duen muga igaro zuten, gerratik ihesean.

Emakume askea izan nahian

Etiopian ere «miseria gorrian» bizi ziren, eta, «bizitza hobe baten bila», Europarantz jo zuen, bakarrik, 5 urteko semea umezurtz utzita. Bidaia luze eta amaigabea izan zuen Seblewongelek: Sudan, Egipto, Jordania, Siria, Libano eta Turkia. «Sei aldiz saiatu nintzen ontziratzen, baina Turkiako Poliziak ez zidan utzi. Zazpigarrenean lortu nuen».

Egun bat igaro zuen Egeo itsasoa zeharkatzen. «44 lagun gindoazen ontzian, eta guztiok lortu genuen lehorreratzea. Zorionez, Greziako Poliziak ez gintuen atzeman». Seblewongelek ez du ezkutatu familiaren eta batez ere semearen falta handia sumatzen duela. «Ez daukat ezer hemen». Aukera edukiz gero, Ameriketako Estatu Batuetara joan nahiko luke. «Familiari lagundu nahi nioke, eta semea ekarri». Asiloa eskatzeko eskaera egin du, baina alferrik. «Errespeta diezazkigutela giza eskubideak», dio haserre.

Elkarrizketa amaitu eta gutxira, asiloa kudeatzen duen bulegoak eginiko elkarrizketaren txostena erakutsi dio kazetariari. Bertan, gorputz osoko azterketaren emaitzak ageri dira, eta, jarraian, Seblewongelen testigantza gordina dator: «Nire ama, ahizpa eta hirurok bortxatu egin gintuzten nire semearen aurrean». Begirada galdua du, begiek dir-dir egiten diotela: «Emakume askea izan nahi dut».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)