Sabelak bete eta arimak elikatzen dituen sukaldea, Lesbos uhartean
Zaporeak kalitatezko elikaduraz arduratzen den bezala, beste GKE batzuen lana ezinbesteko bihurtu da Lesbosen dauden milaka errefuxiatuei gutxieneko batzuk bermatzeko. Bien bitartean, uharteko gune isolatu batean kanpaleku berri bat eraikitzearekin tematuta jarraitzen dute tokiko erakundeek.
Gara, , 03-09-2023Mavrovouni da gaur egun Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatu gune nagusia. Mavrovouni da izen ofiziala, baina Kara Tepe II da herritar gehienen artean nagusitu dena, aurretik inguru berberean egon zen Kara Tepe gunearen ondorioz. Moria herrixkatik gertu zegoen zorigaiztoko kanpalekua (irailaren 8an hiru urte beteko dira kiskali zenetik) ordezkatu zuen Kara Tepek, eta gaur egun Turkiatik Greziara itsasoz heldutako 3.200 errefuxiatu baino gehiago hartzen ditu. Aurreikusitako gehienezko edukiera 3.000 lagunekoa da.
Espazio faltarena, Kara Tepen dauden pertsonek duten arazoetako bat baino ez da. Egunean «otordu bakarra» bermatzen diete errefuxiatuei Kara Tepeko arduradunek, eta maiz pertsona asko «jan gabe ere» gelditzen direla dio erakundeko sortzaileetako bat den Peio Garcia Amianok. Kalitateari dagokionez, behin baino gehiagotan heldu zaie janari ustela errefuxiatuei, armadak banatutako erretiluetan. Grezia osoan pertsona errefuxiatuentzako otorduak prestatzen dituen erakunde gehiago ez egotea nola den posible galdetuta, «jende guztia halako urratsik egiteko prest ez dagoelako», erantzun du Perez Amianok. 2.000 menu inguru egunero, astelehenetik larunbatera, elikagai guztiak lortzeko egin beharreko kudeaketarekin batera. Hala ere, oraindik ere beharrak dituztela gogoratu du Zaporeak-eko Helena Ruiz de Azuak, eta, beti erantzuteko prest izan denez, babes eskaera berria egin dio Ruiz de Azuak euskal gizarteari.
«Oraintxe bertan 2.200 otordu ematen ari gara, baina Kara Tepeko eremuan 3.300 pertsona daude; beraz, matematikak esaten digu 1.000 pertsonari ezin diegula jatekorik eman». Horrez gain, ingurumenarekiko kaltea murrizteko helburuz, gaur egun erabiltzen dituzten erabilera bakarreko ontziak atzean utzi nahi dituzte, berrerabil daitezkeen aluminiozkoak erabiltzeko.
Elikaduratik harago, integraziorako bidea ere eskaintzen die errefuxiatuei, boluntario edo langile izateko aukera eskainiz, asilo eskatzaile izate soilagatik kasik gaizkiletzat tratatu dituzten testuinguru batean. Hadi da sukaldean egunero-egunero diharduen boluntarioetako bat.
Sukalde horretan dihardu, Irandik ihes egin ostean, sei aldiz asilo eskaera ukatu dioten Hadik. Zaporeak-ek duen okindegi propioan lan egiten dute, berriz, Afganistanetik heldu diren Mohammedek eta Rezak. Sorterrian «negozio gizon arrakastatsua» zela ekartzen du gogora Rezak, eta gaur egun pita ogia egiten duela.
Dioenez, «honelako gauzak ditu bizitzak». Bost urteren ostean, bere egoera erregularizatu du Rezak, eta urtebete barru Europara joatea espero du.
Nazionalitate asko, beraz, sukalde honetan, eta ez dira euskal herritarrak falta. Goizean goiz Lesbosera heldu eta zuzenean lanera bidali dutela azaldu du Tuterako Pablok, «lehen eguna gogor joan da, hemen ez da inor gelditzen. Baina tira, harrera bikaina egin digute eta ederki nago hemen». Hiru astez sukaldean kolaboratu, eta errefuxiatuen errealitatea ezagutuko du Pablok.
BABESEAN ALIATUAK
Batasuna indarraren sinonimo dela argi dute Zaporeak-en, eta elkarlan estua dute uhartean dauden bestelako eragileekin. Haien otorduak jasotzen dituen GKEetako bat When We Band Together da (euskaraz “elkartzen garenean” esaldiarekin itzul daitekeena). Zaurgarritasun egoeran dauden emakume eta haurrekin egiten du lan erakunde honek, errefuxiatuen kanpalekuko giro itogarriaren aurrean, oasi txiki bat eskainiz. Hamarnaka haur eta emakume hartzen ditu espazio honek egunero, eta babes espazio bat dela ezin uka. Haurrek haurrarena egiten dute, jolasean ibili, lagunak zirikatu eta barre egin. Kalitatezko otordu bat, lagunekin lasaitzeko aterpetxo bat, plastikozko igerileku bat, ikastaroak… ez da asko akaso, baina errefuxiatuen kanpalekuak eskaintzen ez dien guztia da.
Dioenez, ez da kexatzen den horietakoa, baina Kara Tepen «bero izugarria» egiten duela kritikatzen du Iftuk, «jasanezina» zaiola giroa. Pentsa, aterpetzat jotzen duten edukiontzi batean egiten du lo, beste hainbat lagunekin, Lesbosen 35 gradutik gorako tenperaturak kasik egunerokoak izan diren uda batean. Eritrean jaio zen Iftu, baina Etiopian hazi zen eta 3 urterekin dagoeneko umezurtz gelditu zen. 25 urterekin, indarkeriatik ihesi eta Etiopian etorkizunik ez zuela sinetsita, Turkiarako bidea egin zuen bertatik, Anatolia eta Lesbos banatzen dituzten zazpi kilometroak ontziz zeharkatzeko.
«Ez dakit igeri egiten» azaldu du Iftuk, baina beste aukerarik ere ez zuen. Hilabete pasatxo darama uhartean, eta une honetan bere lehentasuna «atseden hartzea da», bidaia luzearen ostean. Aurrerago Europara joan nahiko luke. Ez du herrialde kuttun bat, bere nahi bakarra «gerran ez dagoen herrialde batean bizitza on bat» edukitzeko aukera izatea da.
ARE ETA IKUSEZINAGOAK
Zaporeak-en gonbitari erantzunez, Lesbosen izan da Lakuako Gobernuaren ordezkaritza bat: Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak osatua. Euskal GKEen lana gertutik ezagutzeaz harago, tokiko zenbait ordezkari instituzionalekin biltzeko aukera izan dute Melgosak eta Legarretak, baita Mavorouniseko kanpalekua bisitatzeko aukera ere. Besteak beste, Stratis Kytelis Mitilene Lesboseko hiriburuko alkatearekin biltzeko aukera izan zuten, eta honek berretsi zien Vastrian kanpaleku berri bat eraikitzeko asmoa duela; urte amaierarako eraikita izatea espero dute (Atenaseko epaile batek behin-behinean eten zuen horren eraikuntza, ingurumen arrazoiak zirela medio).
Kanpaleku berriaren beharra, gaur egun «gainezka» daudela esanez justifikatu du Kytelisek: «Kara Tepeko errefuxiatu-esparruan 3.200 pertsona baino gehiago daude, eta kopuru horrek gure gaitasunak gainditzen ditu».
Melgosak bere aldetik, kanpalekuen aukeraren aurrean, «korridore seguruak» bermatzeko aukeraren alde egin du, baita Lakuako Gobernuaren Share proposamena helarazi ere, «elkartasuna era sistematizatuan eta erantzukizunez partekatzeko, lurralde bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuta»
Vastria Lesboseko iparraldean dago, Mitilenetik ordubete ingurura eta gune oso isolatu batean. Alegia, erraz topatzen diren arren, dagoeneko nahiko ikusezinak diren errefuxiatuak are eta ikusezinago bihurtuko dira. Kazetarien galderei erantzunez, Kara Tepen topatu duten «testuinguru gogorra» nabarmendu du Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak, Vastriako aukeraren aurka daudela berretsiz: «Guretzat ez da aukerarik egokiena, are gutxiago uharteko beste puntan kokatzen badute».
Iritzi berberekoa da NBEaren Errefuxiatuentzako Goi Mandataria: «Kanpalekuak beti azken aukera izan behar direla sinetsita gaude. Beti egin dugu apustu errefuxiatuak komunitateetatik gertu egon daitezen» esan du Danilo Valdiviezo NBEko agentzia honen ordezkariak.
(Puede haber caducado)