Errefuxiatuak
Saudi Arabiako mugazainek ehunka migratzaile hil dituztela salatu du HRWek
Yemengo mugan 2022ko maiatza eta 2023ko ekaina artean izandako hainbat kasu ikertu ditu GKEak. Errefuxiatu gehienak etiopiarrak dira.
Berria, , 22-08-2023Ehunka lagun hil zituzten Saudi Arabiako mugako agenteek 2022ko maiatza eta aurtengo ekaina bitartean, gehienak etiopiarrak. Hala salatu du HRW Human Rigths Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak, gaur kaleratutako txosten batean. Euria bezala tirokatu gintuzten izena du txostenak, eta 73 orrialde ditu. Yemengo mugatik iritsitako errefuxiatuen kasuak aztertzen ditu HRWen txostenak.
Yemendik Saudira Arabiara iristen diren errefuxiatu gehienak Etiopiatik iristen dira. Afrika ekialdeko herrialde horrek pairatzen dituen arazoengatik ihes egiten dute pertsona horiek; Tigrayko gerratik adibidez txostenak dioenez. Etiopiatik Djibutira ihes egiten dute, eta bertatik, Yemengo mafiek bideratuta, Adengo golkoa zeharkatzen dute. Yemen iparraldera joaten dira, Saudi Arabiako mugatik gertu, GKEak esan duenez. Yemen ipar-mendebaldean bi kanpaleku handi daude: Al-Thabit eta Al-Raqw. Yemengo gerra zibilaren ondorioz matxino huthiek bereganatutako lurraldeak dira horiek.
HRWek dio errefuxiatuak hurbil hurbiletik tirokatuak izan ohi direla. Batzuetan, hil baino lehen tratu txarrak pairatu zituzten agente saudiarabiarren aldetik. Bortxaketak, presio psikologikoak, torturak edota gorputzaren zatiketak identifikatu ditu HRWek kasu batzuetan. Horrez gain, lehergailuen erabilera ohikoa da mugan. GKEak elkarrizketatutako errefuxiatuek diote morteroak erabiliz talde handiei lehergailuak jaurti zizkietela agenteek. Yemenera atzera buelta bidean morteroekin tirokatutako kasuak ere jakin dira.
Erasoetatik onik atera ziren hainbat gazte beste errefuxiatu batzuk bahitu eta bortxatzera behartuak izan ziren, txostenaren arabera. Beste kasu batzuetan agenteek errefuxiatuei haien gorputz adar bat aukeratzeko agindua eman zieten, ondoren bertan tiro egiteko. Elkarrizketatuek ikara handiz deskribatzen dute egoera. Hilotzez beteriko lurrak dira, saudiarabiarrek ez baitituzte gorputzak jasotzen. Errefuxiatu asko erasotuak izan ziren haien lagun edo familiakoen gorpuen bila joandakoan. «Ez genuen espero lehergailuak erabiltzea. Egoera oso larria da, guk uste genuena baino okerragoa», esan du Txosteneko ikertzaile nagusi Nadia Hardmanek.
42 lagun elkarrizketatu ditu HRWek txostena osatzeko: 32 gizon, hamar emakume eta hiru ume. 50 km ditu aztertutako mugak, Al-Raqw kanpalekuaren eta Al-Gar herriaren artean. Elkarrizketatuek emandako testigantzaz gain sare sozialetan edota satelite bidez lortutako argazkiak eta bideoak erabili dira gertaera salatzeko. 350 bideo eta argazki baino gehiago erabili dira. Multimedia eduki horiek 42 forentsek eta adituk aztertu dituzte, errefuxiatuen hilketen arrazoiak ikertzeko.
‘Sportwashing’
Saudi Arabia haren irudia garbitzeko kanpaina handi bat osatzen ari dela adierazi du HRWek. Kirolean inbertsio asko egin ditu azken urteetan; hala nola Espainiako Superkopa hara eramatea edota bertako futbol ligako taldeen fitxaketa berriak. Futbolaz gain, golfa izan da Saudi Arabiako Gobernuak herrialdera eramandako kirol nagusia. HRWk esan du giza eskubideen aurkako salaketak ezkutatzeko egin duela hori Saudi Arabiak. Sportwashing bezala ezagutzen da praktika hori, hau da, giza eskubideak urratzeaz leporatuta dauden herrialdeek kirol ekitaldi masiboak antolatzen dituztenean haien irudia garbitzeko. Adituek diotenez Qatarren egindako futboleko munduko kopa sportwashingaren adibide garbia da ere.
(Puede haber caducado)