Araba, Bizkai eta Gipuzkoara 2021ean baino %50 pertsona gehiago iritsi ziren 2022an

Pandemia aurreko hazkundea berritu, eta azken bi hamarkadetako maximora iritsi zen.

Berria, Sara Iriarte Lasa, 11-08-2023

Eustatek egindako Migrazio Mugimenduen Estatistikaren arabera, iaz 59.194 pertsona iritsi ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. 2021ean, berriz, 39.427 lagun izan ziren. Beraz, 2022an aurreko urtean baino %50,1 migratzaile gehiago iritsi ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Pertsona horien %72k Espainiakoa ez den nazionalitatea zuten; beraz, estatistika horretan Ipar Euskal Herritik heldutako herritarrak ere hartu dituzte kontuan.

Emigrazioak ere gora egin zuen iaz: %3,3 zehazki. 2021ean, 35.839 lagun joan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik; iaz, berriz, 37.023 pertsonak alde egin zuten. Halere, immigrazioaren gorakada handiaren eraginez, migrazio saldoa positiboa izan zen iaz, hau da, alde egindakoak baino gehiago izan ziren etorritakoak: 22.171 pertsona. Ondorioz, pandemiaren aurreko hazkundea berritu zen. Are gehiago, mendeko maximora iritsi zen.

Bizkaiak izan zuen migrazio saldorik handiena kopuru absolutuetan eta erlatiboetan, Arabarekin eta Gipuzkoarekin alderatuta; 11.818 pertsonako saldo positiboa, hain zuzen ere. Gainera, hazkundea aurreko urtekoa halako bederatzi izan zen. Gipuzkoak 6.982 pertsonako saldo positiboa izan zuen, 2021ean baino zortzi aldiz handiagoa. Arabak 3.371 pertsonakoa izan zuen; 2021ean baino 2,5 aldiz handiagoa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoara iritsitako etorkinen batez besteko adina ia bi urte jaitsi zen 2022an; batezbestekoa 32,5 urte izan zen zehazki. Emigratzaileena ,berriz, 37,3 urte izan zen. Sexuari dagokionez, etorkinen %51 gizonak izan ziren, eta %49, emakumeak. Antzera, emigratzaileen %53 gizonak ziren, eta %47, emakumeak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)