Migrazioa

41 migratzaile hil dira Italiako Lampedusa irlara iritsi nahian

Itsasontzian 45 migratzaile zihoazen, tartean hiru ume. Libiak salatu du Tunisiatik kanporatutako 27 migratzaile hilik topatu dituela basamortuan.

Berria, Unai Mitxelena Balerdi, 10-08-2023

Italiako Lampedusa irlaren parean 41 migratzaile hil dira, naufragio batean. 45 migratzaile abiatu ziren Tunisiako Sfax hiriko portutik; horietatik hiru, umeak. Lauk bakarrik iraun dute bizirik, eta Lampedusa irlara eraman dituzte. Gaurkoa ez da izan gertatutako lehen ezbeharra.

Itsasontzia joan den astelehenean itsasoratu zen. Atera eta sei ordura, gauean, olatu handi batek ontzia jo, eta 45 pertsona uretara erori ziren. Corriere della Sera Italiako egunkariak jakinarazi duenez, ontzian zihoazenetatik hamabostek zeramaten salbamendu jaka, baina gehienek ez zuten bizirik iraun. Migratzaileek bi egun igaro dituzte uretan, erreskate zerbitzuak iritsi ziren arte.

Bizirik dauden laurak Boli Kostakoak eta Gineako Konakry hirikoak dira, hiru gizon eta emakume bat. Rimona ontziak salbatu ditu, eta Italiako kostazainen ontzi batek eraman ditu Lampedusara. Laurak shockean daude, baina medikuen eta psikologoen laguntza jasotzen ari dira, autoritateek adierazi dutenez.

Italiako Gobernuak abian jarri du beste migratzaileak bilatzeko operazioa. Oraingoz ez dute ezer aurkitu. Larunbatean, beste bi naufragio izan ziren Lampedusa parean: 34 pertsona hil ziren, baina, denboralearen ondorioz, hiru gorpu bakarrik aurkitu zituzten. Astelehenean, berriz, Tunisiako kostazainek hamaika gorpu aurkitu zituzten, igandean izandako naufragio batekoak.

Italiako kostazainek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek Lampedusara zihoazen 2.000 pertsona salbatu dituzte azken egunetan. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak immigrazioaren aurkako politikak ezarri dituen arren, laguntza eskatu dio Open Arms GKEari, Italiako erreskate zerbitzuak gainezka daudelako. «Argi dago Italiako kostazainak ezin direla iritsi uretan arriskuan dauden milaka pertsonengana», adierazi du Open Armsek ohar baten bidez. GKEak 264 pertsona salbatu ditu zazpi esku hartzetan, baina esan du «noraezean dauden eta laguntza behar duten ontzi asko» daudela oraindik. «Egoera geroz eta kritikoagoa da».

Italiako Barne ministroak emandako datuen arabera, aurten 93.700 pertsona iritsi dira Italiako kostaldera. 2022an, berriz, 44.700 pertsona iritsi ziren itsasotik: erdiak baino gutxiago.

Sfax hiritik Lampedusara 130 kilometro baino ez daude, eta Tunisiako agintariek baieztatu dute Sfaxeko portua dela Europara heldu nahi duten migratzaileen abiapuntuetako bat. Hori dela eta, Mediterraneo erdigunean gehien erabiltzen diren itsasbideetako bat bihurtu da, baita hilgarrienetako bat ere. Aurten, 1.800 pertsona hil dira itsasbide horretan, Nazioarteko Migrazio Erakundearen esanetan.

Gainera, hainbeste migratzaile iristeak bestelako arazoak ere sortzen ditu. Lampedusan dagoen harrera zentroa 300 pertsonarentzat da, baina, orain, 1.500 pertsona bizi dira han.

Kanporatzeak

Itsasoa ez ezik, basamortua ere hilobi bilakatu da azken asteetan askorentzat. Libiak salatu duenez, Tunisiak egunero 150 lagun kanporatzen ditu herrialdetik batez beste, eta basamortuan abandonatu urik eta babesik gabe. Ondorioz, asko ez dira gai bizirik irauteko. Atzo bertan, Libiako mugazainek salatu zuten 27 migratzaile hilik topatu zituztela basamortuan.

Egunotan 40 gradutik gorako tenperaturak dituzte eremu hartan, eta, herrialdetik kanporatutako zenbait lagunek salatu dutenez, hainbat egunez urik eta jatekorik gabe oinez ibiltzera derrigortzen dituzte segurtasun indarrek, mugaz bestaldera heltzen diren arte. Tunisiako Barne Ministerioak ukatu du migratzaileak kanporatzen dituela, eta Kais Saied presidenteak esan du salaketek «herrialdeari sinesgarritasuna kentzea» dutela helburu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)