AEB-AK
Bidenen migrazio neurriak bertan behera utzi ditu behin-behinean epaile federal batek
Maiatzean ezarritako 8. tituluaren aurkako erabakia hartu du legez kontrakoa dela argudiatuta. Justizia Departamentuak helegitea aurkeztu du erabakiaren aurrean.
Berria, , 26-07-2023Kaliforniako epaile federal batek behin-behinean bertan behera utzi du AEBetako Gobernuak maiatzean abian jarritako migrazio politika berriak. Joe Biden AEBetako presidenteak AEBetako kodeko 8. titulua ezarri zuen maiatzak 12an, Donald Trump presidente ohiaren migrazio neurriak iraungi egin zirenean.
8. tituluaren bidez, AEBetako Gobernuak migrazioa erregulatu nahi du. Mugako «kaosa» ekiditeko neurriak zirela adierazi zuen Bidenek maiatzaren 12an. Lege horrek asilo eskubidean hainbat baldintzapen ezarri zituen: alde batetik, CBP One app-a sortu zuen Etxe Zuriak; mugikorreko tresna horren bidez, kanpotik zetozen pertsonek asiloa eskatzeko hitzordua lortu zezaketen. Soilik hitzordua lortu zuten migratzaileek zeharkatu zezaketen muga. Horrez gain, beste herrialde batean AEBetako asilo prozesua egin eta ezetza jaso zutenei salbuespena ezarri, eta AEBetan hitzordua lortzeko eskubidea eman zitzaien.
Bidenen gobernuak erabakitako neurri horiek migratzaileen defentsan lan egiten duten taldeek salatu zituzten. Kaliforniako ipar barrutiko Jon S. Tigar epaile federalak migrazio neurriak aztertu eta behin-behinean bertan behera utzi ditu. Hala ere, bere erabakia hamalau egunez blokeatu du, AEBetako Justizia Departamentuak apelazio bat aurkezteko epea izan zezan. Apelazioa epailearen erabakia atera eta gutxira aurkeztu du Justizia Departamentuak.
Tigarren ustez AEBetako Gobernuak hartutako erabakiak AEBetako migrazio lege federala urratzen du. Lege horren arabera herrialdera ilegalki sartzen den migratzaile orok asiloa eskatzeko eskubidea dauka. Hau da, herrialdean ilegalki sartzeak ez luke oztopoa izan beharko AEBetan asiloa eskatzeko. Asiloa eskatzerako orduan ez du axola migratzailea nola iritsi den edo lehenagotik herrialdea zapaldu duen edo ez.
Justizia Departamentuak Tigarren erabakia «onartezina» dela esan du. «Apelazioa aurkeztu dugu, eta erabakiaren etenaren alde egingo dugu lan. Irmo jarraitzen dugu gure jarreran. Tigar epaileak hamalau egunez geldiarazi du bere erabakia, horrenbestez, oraingoz ez dugu aldaketarik antzemango mugetan», esan du AEBetako Segurtasun Nazionalerako idazkari Alejandro Mayorkasek. Migratzaileei AEBetara bide legala erabiliz sartzeko eskatu die Mayorkasek: «Ez egin kasu kontrabandisten gezurrei, gure administrazioak emandako aukerak erabili, gure herrialdera bide legaletatik egiteko sarrera. Gure bideak erabiltzen ez dituzten pertsonek ondorio legalak edukiko dituzte».
Tigarren erabakia txalotu egin dute migratzaileen defentsan lan egiten duten taldeek. ACLU Askatasun Zibilen aldeko Amerikar Batasunak komunikatu baten bidez erabakiaren iritzia eman du. «Epailearen erabakia garaipen bat da, baina Bidenek eta bere gobernuak migratzaileen aurkako neurriak ateratzen dituen heinean, familia askok arrisku jarraituarekin bizi beharko dute», esan du Katrina Eiland ACLUko migratzaileen zuzendariordeak. «AEBek askatasunez eta itxaropenez beteriko herrialde bat izateko hitza eman zuen, eta administrazioak hitz horiek bete beharko lituzke. Orain arte soilik politika krudelak ikusi ditugu mugak zeharkatzen dituztenentzat».
Migrazio politikak erabakitzeko garaian Bidenen erabakiek kritika sakonak jaso zituzten presidentearen gertutik. Alderdi Demokratako kide asko ez zeuden ados estatuburuak hartutako erabakiarekin
42. titulua, Trumpen eskutik
Covid-19aren garaian, Trumpek, AEBetako osasun segurtasuna bermatzeko migrazio neurri berriak ezarri zituen, AEBetako Kodeko 42. titulua erabiliz. Lege horren bidez, AEBetan gaitz kutsakorrak ez sartzeko helburuarekin, edozein migratzaile kanpora bidaltzeko aukera ematen zien mugetako agenteei. AEBetara legalki sartzeko modu bakarra hirugarren herrialde batean asilo prozedurak aurkeztea zen.
Iaz, Trumpen migrazio neurriak indarrean zeuden bitartean, mugetako agenteek atxiloketa errekor zifrak egin zituzten. 2.766.582 migratzaile atxilotu zituzten CBP Mugetako Segurtasun Bulegoko agenteek. 8. titulua ezarri zenetik, berriz, atxiloketak urriagoak izan dira. Ekainean 100.000 migratzaile baino gutxiago geldiarazi zituzten agenteek, 2021. urtetik hilabeteko zifra baxuena.
(Puede haber caducado)