DANTZA-EGUNA GETARIAN
Osagai garrantzitsua izan ohi da dantza herri guztietako jaietan. Halaxe izan zen atzokoan Getariako Salbatore egunean
Diario Vasco, 07-08-2006Getariak Salbatore Eguna ospatu zuen atzo, dantza – eta musika – giroan. Getariako Musika Banda goiz goizetik hasi zen herria martxan jartzen. Goiz eresiak Alkate Soinuari utzi zion lekua, udalbatza eta herritarrak, prozesioan elkarturik, elizara aurrena eta elizatik udaletxera ondoren gidatuz. «Guretzat festa egunak lan egunak izaten dira. Hala ere, gaur bukatzen dugu… Beraz, parrandarako astia ere izango dugu», zioen Irati Olaskoaga Getariako Musika bandaren kideak. Getariak alaitasunez eta gogoz bizi ditu festak, eta adin guztiek dute beraiei zuzendutako ekitaldiak. «Gaur egun, adinak markatzen du festarako animazioa. Gazteak gauean ibiltzen dira jaiez gozatzen eta eguna deskantsatzeko hartzen dute. Helduek, batez ere haurrak dituztenak, goiz eta arratsaldeko ekintzak bizitzen dituzte», argitu zigun jaiak ondo ezagutzen dituen Iratik.
Atzo, dena den, dantza izan zen protagonista herriko jaietako egun nagusia. Batetik, Gipuzkoako kostaldeko herri honetan antzinako tradizio bat berreskuratu zen aurreko alkatearekin: alkateak berak ohorezko aurreskua dantzatzea herriko zaindariaren egunean. Orduz geroztik urtero egin izan da da. «Zortzigarren urtea da aurreskua dantzatzen dudala, beraz nahiko ondo moldatzen naiz, nahiko prestatuta izaten dut. Entsegu pare batekin nahikoa izaten dut trebetasuna berreskuratzeko», azaldu zuen Josu Ezenarro, Getariako alkateak.
Honelako lanak baditu ere, Josu Ezenarrok ere gozatzen du jaiez: «Getariak gogo handiz espero ditu urtero Salbatoreak. Gainera, aurten asteburuan hasi da jaia eta jende asko izan dugu. Datorren egunetan ere jendearen bisitaren zain egongo gara».
Herritarren ekarpena
Patroiaren egunean, alkatearen ohorezko aurreskuaz gain, herritarrek ere egin zuten dantzaren inguruko ekarpena gau aldera; urtean bitan egiten den konpartsen emanaldian, alegia. Su artifizialen ondoren, herriko kaleak jantzi ederrez, festa giroz, kolorez eta batez ere, dantza bikainez bete ziren herritarrei esker. «Hitzordu polita izaten da, batez ere herritarren kontua delako. Ilusio handia jartzen dute entseguetan eta oso ondo pasatzen dute emanaldian», zioen Erun Ortiz herriko kultur teknikariak.
Moilan hiru koreografia dantzatu ondoren, ekimenean parte hartu zuten hogeita hiru bikoteak herriko kaleetan barrena iritsi ziren frontoiraino, kalejiran, azken dantzarako prest. «Aurreko urteetan dantza latinoak, hirurogeiko hamarkadako dantzak, baltsak edo country mugimenduak dantzatu izan dira, baina aurten Ioana Merinok Moulin Rouge gaiaren inguruan prestatu ditu dantzak », azaldu zuen Erunek.
Arratsaldean, erraldoi eta buruhandien konpartsak ere lana izan zuen kaleak animatzen. «Urtero hurbiltzen gara Getariara erraldoiak eta buruhandiekin jolastea. Alaitasuna ematen diete kaleei umeen algara eta irriek», zioen Amaiak, urtero alaba Amagoiarekin batera Getariara hurbiltzen den zarauztarrak.
(Puede haber caducado)