Arabiatik Arabara
Azoka plazako arabiar merkatuak eta mairu eta kristauen desfile zaratatsuak herrialde islamikoen kultura aberatsa eraman dute Gasteizko jaietako egun handiaren ospakizunera
Berria, 06-08-2006Ivan santamaria
Gasteiz
Dantzaldi erakargarriak, eta bozgorailuetatik irudimenak basamortuarekin lotzen dituen soinuak. Azoka plazako merkatuak bestelako salerosketa bati eman dio bidea. Arabiar azoka batek hartu du horren tokia, Gasteizko jaietako egitarauak aurten aurkeztu duen berritasun ikusgarrienetako bat izanik.
Ikusmin handiz bildu ziren gasteiztarrak atzo herrialde arabiarrek Arabako hiriburuan eskuratu duten txokora. Jende askoren hizpide Marokon, Tunisian edo Egipton oporretarako egin zuten egonaldia. Eta bertatik bertara ezagutu ez dutenentzat, herrialde horien sukaldaritza, musika eta eskulangintza etxetik mugitu gabe gozatzeko aukera ezin hobea.
Eguzkiari eta beroari ihes egiteko modurik egokiena haima baten itzala profitatu, eta tea, beroa nahiz hotza, dastatzea izan zen. Esaterako, Rachiden haimako gerizpe goxoan jantzi tradizionala zeramatzaten gazteak ari ziren, kontraste ezin hobean.
Gerturatu orduko, ordea, usaimenak aurreratzen dio bisitari kuxkuxeroari ikusi eta dastatuko duena. Dagoeneko geure artean aski ezagunak diren falafel eta kebabak ez dira falta, pita ogi goxoarekin lagunduta. «Hori jan baino lehen, beste ezer nahiago», esan zuen, haatik, sukaldaritza arabiarraren dohainekin hain seguru ez zegoen emakume batek.
Pistatxo edo kakahueteekin eginiko hostopilak, eta bestelako gutiziak. Aljeriako gozotegian galtzak bete lan ari ziren. Bestelako jakiekin erreparoa zutenek ez zioten muzin egin gozokiek zuten itxura ederrari. Ikusmin handia piztu du aljeriarren dendak. Aurrez aurre beste hainbeste lagunen arreta duen gunea paraturik dago: zilarrezko bitxiak eta urregintza biltzen dituena. Salneurrian adosteko enkantean aritu nahi duen ororentzat, gonbita eginik.
MAIRUEN DESFILE ZARATATSUA. Urrunetik entzuten ziren danbatekoekin apur bat ikaraturik paseoan jarraitzen zuten gasteiztar ugarik. Zarataren jatorria mairu baten trabuko ozena zen. Duela 500 urte ez bezala, arabiarren tropek Gasteizko kaleak zeharkatu zituzten.
Gasteizko Udalak gonbidatuta, Alacanteko (Espainia) Mairu eta Kristauen Kofradien Federazioko ehun lagun inguruk Andra Mari Zuriaren jaietan desfilatuko dute. Musika, jantzi oparoak eta bolboraren eztanda dute bereizgarri. Ospakizun hutsa dela dio Gines Perez Beltran federazioko buruzagiak. «Alacanten etorkin arabiar asko ditugu, baina inoiz ez zaizkigu kexatu geure festetan galtzaile direlako. Halakoxea da historia».
(Puede haber caducado)