Desertuko harea eta beroa utzita, gaur iritsiko dira haur sahararrak gurera
Gara, , 17-07-2023Marokoren okupazioaren biktima diren errefuxiatu izatera behartutako Sahara Mendebaldeko haurrak Euskal Herrira etortzen dira udaro, eta hala egingo dute aurten ere: gaur iritsiko dira Bilboko aireportura. “Oporrak Bakean” programak sustatzen du egonaldia, eta aukera ematen die haurroi oporrak desertuko kanpalekuetatik kanpo igaro ditzaten.
Haur sahararren etorrera hamabost egunez luzatu da aurtengoan, Estatu espainolak eman beharreko baimena atzeratu dela-eta. Hala zehaztu zuten NAIZ Irratian Ixiar Goienetxea eta Oihana Cereijo Pasaiako “Bixi-Bixi” elkarteko kideek.
Bi hegazkinetan iritsiko dira dozenaka ume Bilboko aireportura, eguerdiko 12.00etan. «Beraien hareazko kaleetatik aparte mundu bat dagoela ikustea» ahalbidetzen du egonaldiak, nabarmendu zutenez. Izan ere, haur hauek «herri baten borrokaren barruan» kokatzen ditu Pasaiako elkarteak: «Ez dira haur ‘gizajoak’. Beraien osasuna zaintzeko etortzen dira, beste mundu bat ikusteko, beste hizkuntza bat, baina kontuan hartuta beraiekin dakarten ikurra Saharako bandera dela».
Ixiar Goienetxea eta Oihana Cereijo ere umeak hartzeko zain dira. Etorrerarako «urduri eta gogotsu» zeudela onartu zuten pasa den astean. Hala ere, nabarmendu zuten elkartearen bitartez urte osoan mantentzen dutela harremana haurrekin, eta haien beharrak artatzeaz arduratzen direla, ahal duten heinean: janaria eta medikamenduak bidalita, adibidez.
Tamalez, NAIZ Irratian kontatu zutenez, programan parte hartzen zuten Euskal Herriko hainbat familia «galdu» dira azken urteetan.
(Puede haber caducado)