Paueko auzitegi batek ezetsi egin du mugan droneak erabiltzeko agindua
Irun eta Hendaia arteko mugan droneak erabiltzeko aginduaren aurka Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Elkarteak jarritako errekurtsoa onartu egin du Paueko Auzitegiak. Hortaz, momentuz, pertsona migranteak kontrolatzeko ez da halako gailu teknologikorik erabiliko.
Gara, , 17-07-2023Irun-Hendaia arteko muga irekitzeko egindako protesta, uztailaren 6an.
Irun-Hendaia arteko muga irekitzeko egindako protesta, uztailaren 6an. (Guillaume FAUVEAU)
EBAZPENA
Mugan droneak erabiltzea «bizi pribatuaren eta familia bizitzaren errespetatzeko eskubidearen urraketa larria eta argiki legez kanpokoa» dela ebatzi zuten epaileek, Kazetak jaso zuenez.
Irun eta Hendaia arteko mugan agintari frantsesek eman zuten agindua, «dronetan jarritako kameren» bitartez migranteen pasoa kontrolatzekoa, «bertan behera uztea» ebatzi du Paueko Administrazio Auzitegiak. Hala jakinarazi zuen ohar baten bidez Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeak.
ADVERTISING
Mugan droneak erabiltzea «bizi pribatuaren eta familia biziaren errespetatzeko eskubidearen urraketa larria eta argiki legez kanpokoa» dela ebatzi zuten epaileek, Kazetak jaso zuenez.
Gipuzkoako GKEak zehaztu zuen ebazpen hori joan den ostegunean eman zuela Paueko auzitegiak, Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Elkarteak, Etorkinekin Diakité federazioak eta SOS Arrazakeriak aurkeztu zuten helegiteari erantzunez.
Baieztatu zuenez, erabaki judizialak bertan behera utzi du ekainaren 26an Pirinio Atlantikoetako Prefekturak eman zuen agindua, Irun eta Hendaia arteko mugan «aireontzietan jarritako kameren bidez irudiak hartu, artxibatu eta transmititzeko» baimena ematen zuena. Agindua eman zen egunetik uztailaren 26ra arte indarrean egon behar zuen baimen horrek.
Ebazpenak arrazoia eman die helegitea aurkeztu zuten erakundeei, gogoratu zuen SOS Arrazakeriak: «Agindu horrek modu larrian eta nabarmenki legez kanpo eragiten dio eskubideari eta bizitza pribatuaren eta familia bizitzaren errespetuari».
Arrazakeriaren kontra lan egiten duen elkartearen ustez, Paueko auzitegiak emandako ebazpenak «erakusten du posible dela babesa aurkitzea oinarrizko eskubideak babesten dituzten legezko bermeetan, Frantziako exekutiboak eskubide horien aurkako jarduketen aurrean».
Halaber, Abokatuen Elkarteak egindako lana balioetsi zuen, eta lan horretan jarraitzeko konpromisoa erakutsi, izan ere, salatu zuenez, «Frantziako Gobernuak behin eta berriz urratzen ditu Euskal Herrian bizi diren edo ibiltzen diren pertsonen oinarrizko eskubideak».
Agintari frantsesei eta espainiarrei zuzendu zitzaien SOS Arrazakeria Gipuzkoa, eskatuz «pertsona guztiek zirkulazio askerako duten eskubidea errespeta dezatela», Irungo eta Hendaiako mugetan zehazki. Era berean, Poliziak «sistematikoki» egiten dituen «kontrol arrazistak berehala bertan behera» utz ditzatela galdegin zien.
«BEHARREZKOA»
Isabelle Casau Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Elkarteko presidenteak esan zuenez, droneen erabilerak «arrazializatutako pertsonen kontrol sistematikoa» bultzatuko zukeen, migratzaileak edo herritar frantziarrak izan. Kazetak jasotako adierazpenetan abokatuak adierazi zuen tresna horrek «aurpegien kontrolak» bultzatuko zituzkeela, «erabat diskriminatzaileak» izango liratekeenak, azalaren kolorean oinarrituko liratekeelako.
PREFEKTURAREN JARRERA
Haatik, Prefekturaren erranetan, tresna horiek beharrezkoak ziren, polizia agenteen kopuruaren apaltzeagatik, 180 kilometro dituen mugan kontrolak egiteko. Droneak 22 km²-ko eremuan erabiltzea aurreikusten zuen Prefekturak.
Inguruko herritarrak, beraz, filmatuak izango lirateke, eta Pirinio Atlantikoetako Prefekturak ez zuen horren berri eman, «segurtasun arrazoiengatik», erakundearen arabera: «Ez da askatasun indibidualen kontrako erasorik izanen, etxebizitza indibidualen barnealdea eta ataria grabatzeko debeku formala baitago»
(Puede haber caducado)