Saharar andre politikariak Euskal Herrian dira, ahalduntzeaz ikasten
Emakundek eta Lakuako Berdintasun Sailak harrera egin zien atzo kargu politiko eta sozialak dituzten emakume sahararren ordezkaritza bati; ahalduntze politikoari buruzko programa baten barruan prestakuntza jasotzera etorri dira Euskal Herrira.
Gara, , 12-07-2023Kargu politiko eta sozialak dituzten emakume saharar talde bat Gasteizera heldu zen atzo, Emakunde eta Lakuako Gobernuko Berdintasun Sailarekin batera, ahalduntze politikoko programa baten barruan, prestakuntza jasotzeko. Hiru eguneko iraupena izango du prestakuntzak eta Gasteizen, Donostian eta Bilbon izango dira hainbat hitzaldi jasotzeko.
Saharako politikako «kargu garrantzitsuak» betetzen dituzten emakumeak egongo dira; tartean, Fatma Mehdi, Lankidetza ministroa; Chabba Sini, Saharako Emakumeen Batasuneko (UNMS) idazkari nagusia; Siniya Ahmed Elkhalile, Afrikako Parlamentuko kidea; eta Abida Hadia Ali, Saharako Parlamentuko diputatua.
2022ko abenduan Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Monica Hernando Lakuako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan egon ziren gaiari buruzko tailerretan parte hartzeko, Sahararako emakumeekin lankidetza bultzatzeko asmoz. Bigarren topaketa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian egiten ari dira.
«Saharako erakundeek duten emakumeen ordezkaritzari dagokionez, ehuneko onenetako batzuk dituzte gaur egun; emakumeen %42 Legebiltzarrean, eta wilaiatarren gobernadoreetatik, 5etik 3 dira emakume», adierazi zuen Elgarrestak.
Harreran azaldutakoaren arabera, astelehenean Saharako emakumeen delegazioa Basqueskolako ordezkariekin bildu zen, Emakundek eta Eudelek bultzatutako emakumezko alkateen eta zinegotzien euskal sareko ordezkariekin, eta eguerdian Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidenteak egin zien harrera. Bestalde, Elgarrestak azaldu zuen gaur Emakunde bisitatuko dutela eta asteazkenean “El derecho a resistir” txostenaren aurkezpenean izango direla Donostiako San Telmo museoan.
Zehaztutako plangintzaren arabera, uztailaren 13an, behin prestakuntza amaituta, Saharako emakumeen ordezkaritza Bilbon egongo da eta Sahararen aldeko elkartasun mugimenduko elkarteekin bilduko dira. Ostiraletik aurrera Saharako ordezkaritzak programari buruzko «iritziak emateko eta balorazioak egiteko» aukera izango du eLankidetzan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian.
Elgarrestak programak duen garrantzia nabarmendu zuen. «Emakumeen ahalduntzea funtsezko pieza da, zalantzarik gabe, berdintasuna eta gizarte justuagoa eta demokratikoagoa, garatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko», azaldu zuen Emakundeko zuzendariak.
(Puede haber caducado)