Immigrazioan erantzukizun gehiago eskatu dute Kanariek

Gutxienez 260 immigrante iritsi dira egun bakarrean Kanariar uharteetara, haietako bat hilik

Berria, 05-08-2006

arantxa elizegi

Etorkinek Europara egiten duten bidean egunero daudela hildakoak salatu du Kanarietako Gobernuak, eta ardura gehiago exijitu dio nazioarteari. «Benetako drama ez da hona iristen diren pertsonena, inora eramango ez dituen bidaia amaitzea lortzen ez dutenena baizik», salatu du Kanarietako Gobernuko Afrikarekiko harremanetarako buru Luis Guillermo Padillak. Hark nabarmendu du immigrazioaren auzia ez dela soilik Espainiaren eta Kanarien arazoa, horiek Europara sartzeko ateak soilik direlako, eta lehenbailehen zerbait egiteko eskatu dio Europako Batasunari.

Bestalde, atzo beste 260 etorkin iritsi ziren Kanariar Uharteetara, haietako bat hilik. Uztailaren hasieraz geroztik 15 pertsona hil zuren Europara bidean. Iturri ofizialek azaldu dutenez, immigrante bat desagertuta dago, herenegun gauean itsasora erori zenetik. Beste hiru pertsona, berriz, erietxera eraman behar izan dituzte osasun arazoak direla eta. Uharteetako kostaldera iritsitako azken ontziak 93 etorkin zeramatzan, eta aurrekoak ez bezala, Gran Canariara eraman behar izan dituzte horiek, Tenerifeko harrera etxeetan jende gehiago sartzen ez delako. Jada 1.500 pertsona inguru daude Tenerifeko harrera etxeetan.

KOSTALDEA ZAINTZEKO PATRUILAK. Europako Batasunak kostaldea zaintzeko patruila bereziak jarri ditu martxan Italiako kostaldean. Azken asteotan ehunka etorkin iritsi dira Lampedusa (Italia) uhartera. Bestalde, Erromak Immigrazio Legea aldatu egin du. Orain, bost urtez jarraian Italian bizi izan diren etorkinek herrialde horretako herritartasuna lortu ahal izango dute, beti ere lana baldin badute eta hizkuntza menderatzen badute. Lehen, hamar urtez bizi behar zuten immigranteek Italian herritartasuna lortu ahal izateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)