Migratzaileak atxilotzeagatik sariak eskaintzen zituen Irungo poliziari kargua igo diote

Irungo Atzerritartasun Unitateko burua komisario izendatu dute ekainaren 16an, migratzaileak atxilotzeagatik taldeko poliziei opor-egunak ematen zizkienaren berria hedatu eta hamar egun eskasera.

Gara, Kazeta, 21-06-2023

Irungo Atzerritartasun Unitateko burua komisario izateko igoera iragan ostiralean, ekainaren 16an, jakinarazi zuen espainiar Estatuko Barne Ministerioak, Estatu osoan komisario izateko 24 igoeren zerrenda argitaratu zuenean.

Postu igoera deigarria da orain dela egun batzuk polizia-etxe horretan migratzaileei lotuta ezagutu den afera dela eta: Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatutako ohar bat hedatu zen eta, hartan, atxiloturiko migratzaile kopuruaren araberako jaiegunak eskaintzen zitzaizkien poliziei.

Ekainaren 8an atera zen argitara oharra, eta uztailaren 1ean zen indarrean sartzekoa. Hala ere, Poliziaren EAEko buruzagitza nagusiak ordu gutxiren buruan indargabetu zuen agindua. Oharra zabaldu zuen buruari espedientea zabaldu diote.

Honela zioen oharrak, hitzez hitz: «2023ko uztailaren 1etik aurrera, asteburuan atxilotutakoen kopuruaren arabera, konpentsazio-egun hauek emango dira: zero atxilotu: bi konpentsazio-egun; atxilotu bat: hiru konpentsazio-egun; bi atxilotu (biak barne) aurrerantzean: lau konpentsazio-egun; hamar atxilotu (horiek barne) aurrerantzean: bost konpentsazio-egun».


Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)