NBEren arabera, 110 milioi desplazatu daude munduan: inoiz baino gehiago
Iaz, 19 milioi pertsonak egin behar izan zuten ihes etxetik, gehienbat Ukrainako eta Sudango gerren ondorioz. UNHCRko buru Filippo Grandik kezka agertu du, gero eta gehiago baitira iheslariak hartu nahi ez dituzten estatuak.
Berria, , 16-06-2023UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iazko urteko desplazatu kopuruaren berri eman du gaur, eta datua ez da ona; iaz inoiz baino iheslari gehiago zeudela erregistratu dute: 110 milioi. 2022an, 19 milioi pertsonak ihes egin behar izan zuten etxetik, baina horiei gehitu behar zaizkie Sudango gerrak eragindako iheslariak, duela zortzi aste hasi baitzen gerra hori.
Indarrez desplazatutako pertsonak txostenean jaso ditu datuak erakundeak. Haren arabera, barne desplazatuek osatzen dute kopuru handiena: 62,5 milioi; ondoren etorriko lirateke NBEren agentzietan erregistratutako iheslariak —erbestera jo dutenak—: 35,3 milioi; eta, azkenik, asilo eskatzaileak: 5,4 milioi. Horiei gehitu behar zaizkie errefuxiatu estatusa izan ez arren nazioartearen babesa behar duten 5,2 milioi pertsonak.
«Zail da irudikatzea zein izan daitekeen arazo horien irtenbidea, baita eztabaida mahai gainean jartzea bera ere. Mundu polarizatu batean gaude, non estatuen arteko ezinikusiek eragin zuzena duten gai humanitarioetan ere», aitortu du Filippo Grandik, UNHCRko idazkari nagusiak. Siriako gerra lehertu aurretik, 2011n, 40 milioi desplazatu zeuden mundu osoan; baina, geroztik, kopurua handituz joan da urtetik urtera. Siria, Ukraina eta Afganistangoak dira gehienak —iazko urte bukaeran 11,6 milioi ukrainar zeuden desplazatuta—.
Kopuruek gora egin ahala, gero eta gutxiago dira desplazatuak hartzeko prest dauden estatuak, eta horren inguruko kezka agertu du Grandik. Europako Batasuneko ekialdeko hainbat kidek uko egin diote Ekialde Hurbiletik edo Afrika iparraldetik heldutako desplazatuak hartzeari; baina eskuin muturrak migratzaileen aurka duen diskurtsoa beste hainbat herrialdetara ere zabaldu da. EBtik kanpo, Erresuma Batuak lege proposamen bat aurkeztu du Frantziatik txalupan heldutako asilo eskatzaile oro kanporatu ahal izateko.
«Errefuxiatuei buruzko 1951ko ituna sinatu duten estatuetako hainbatek ere gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiote hura betetzeari», kritikatu du Grandik. Baina, aldi berean, «urratsak» ere egin direla nabarmendu du, Europako Batasuneko Barne ministroek joan den astean adostutako asilo eskatzaileentzako proposamenari erreferentzia eginez. Haren arabera, EBko estatu kideek kontinentera iristen diren 30.000 asilo eskatzaile banatu beharko dituzte urtero euren artean —biztanleriaren eta barne produktu gordinaren arabera—, eta ukatzen duten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte —iaz, 180.000 migratzaile iritsi ziren talde komunitarioko herrialdeetara—.
Goranzko joera
«Datuek argi erakusten dute zenbait azkar mugitzen direla gatazkak pizteko garaian, baina oso motel horiei irtenbidea aurkitu behar zaienean. Ondorioz, milioika lagunek hondamena, desplazamenduak eta egoera larriak bizi behar dituzte», salatu du Grandik. Datuek, gainera, desplazatuen soslaia egiteko informazioa ematen dute, izan ere, %90 inguru garapen bidean dauden herrialdeetakoak dira; eta, aldi berean, horiek berak dira iheslari gehien jasotzen dutenak ere: kopuru osoaren %76. Nabarmentzekoa da, gainera, adingabeak, munduko populazioaren %30 izan arren, desplazatuen %40 direla.
Irtenbideak ez dira errazak, eta, ihes egin ostean, ia ezineko bilakatzen da etxera itzultzea. Iaz, soilik 339.300 pertsona itzuli ziren beren herrialdera. Horrek esan nahi du itzuli zen desplazatu bakoitzeko beste 22k ihes egin behar izan zutela 2022an. Beste batzuetan, ordea, hirugarren herrialde batean hartzen dute babes iheslariek, baina horiek ere gutxiengoa dira: 114.300 iaz.
(Puede haber caducado)