Ito egiten duten galderak
Alejandro Rojasen eta Juan Sebastian Vasquezen lehen film luzea da 'Upon Entry'. Aireportu bateko immigrazio agenteen itaunketa jasaten duen bikote baten istorioa da
Berria, , 10-06-2023New Yorkeko aireportuko gela bat. Urik ez, janaririk ez. Galderak soilik. Galderak, zalantzak, gezurrak eta beldurrak. Lau pareta horien artean Diego, hirigintzan lan egiten duen eta Bartzelonan bizi den venezuelarra, eta haren bikotekidea, Elena, Bartzelonan jaioa, eta dantzaria. Miamira doaz Diego eta Elena, haien bizitza profesionalean aurrera egin eta familia bat osatzeko intentzioarekin; aukera berrien bila doaz. Pasaporteak eta maletak hartu, eta New Yorken bi orduko geldialdia egin ondoren, Miamira hegaldia hartzeko asmoa dute. Geldialdian zehar Diegoren anaiarekin elkartzekotan gelditu dira, New Yorken bizi baita, eta urteak baitira elkar ikusten ez dutela.
Pasaporteak ikuskatzen dituen agenteak, ordea, hari jarraitzeko aginduko die. Haien pasaporteak plastikozko poltsa batean sartu, eta, argia konpontzen ari diren korridore ilun batetik, sotoan kokatuta dagoen itxaron gela batera eramango ditu. Bertan, jatorri ezberdinetako pertsona gehiago daude, zain. Handik bigarren mailako ikuskapen gela deritzotenera eramango dituzte Diego eta Elena. Arestiko lau paretak.
Galderak eta zalantzak
New Yorkeko aireportuko gela hartan bi aduana agente galderak egiten hasiko zaizkie: nongoak diren, zein den haien lana, zertara doazen Miamira. Galdeketa geroz eta gogorragoa eta pertsonalagoa bilakatuz joango da, eta bikotearen artean zalantzak sortzen joango dira: egia esaten ari ote da? Zerbait ezkutatu al dit?
Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquezen lehen film luzea da Upon entry. Vasquez, zuzendari izateaz gain, argazki zuzendaria ere bada, eta karrera HBOko ekoizpen sailean hasi zuen. Rojasek telebistarako zineari buruzko filmak idatzi eta zuzendu ditu, eta kazetari gisa lan egin du munduko hainbat zinema jaialditan.
Rojas eta Vasquez Caracasen jaioak dira, baina Bartzelonan bizi dira, eta Diego eta Elenak filmean jasaten duten itaunketa oso ezaguna zaie. Immigrazio agenteekin bizitako istorioetatik abiatuta idatzi zuten gidoia, eta oso erraza egin zitzaien antzeko bizipenak izan zituzten pertsonak topatzea.
Filma jaialdi ugaritan aurkeztu dute, eta hainbat sari irabazi dituzte: Fipresci saria Tallinn Black Nights jaialdian, eta aktore onenaren saria, Alberto Ammannentzat, Malagako jaialdian, esaterako.
Upon entry suspensea eraikiz doan filma da. Klaustrofobia eragiten duten lau pareta horietan sartu aurretik ere, Rojas eta Vasquezek aurrerago biziko duten tentsioaren hazia ereiten dute pertsonaiengan: taxian aireportura bidean doazela Diegok ez du bere pasaportea aurkitzen. Bilaketak irauten duen hiru minutuko larritasun hori da bikoteak istorioan zehar biziko duenaren hasiera, bai narratiboki, bai eta zuzendariek, filmak aurrera egin ahala, erakutsiko duten estilo neurritsuari dagokionez ere. Izan ere, zuzendari venezuelarrek, funtsean, gela batean gertatzen den lau pertsonaiaren arteko elkarrizketa suspense film bihurtu dute, milimetrora neurtuta diruditen gidoi, antzezpen eta muntatzearekin.
‘UPON ENTRY (LA LLEGADA)’
Zuzendariak: Alejandro Rojas, Juan Sebastian Vasquez.
Gidoilariak: Alejandro Rojas, Juan Sebastián Vasquez.
Aktoreak: Alberto Ammann, Bruna Cusi, Laura Gomez.
Argazkia: Juan Sebastian Vasquez.
Generoa: thriller psikologikoa.
Urtea: Alberto
Iraupena: 77 minutu.
Herrialdea: Espainia.
Estreinaldia: ekainaren 16an estreinatuko da Hegoaldean.
(Puede haber caducado)