AEB-AK

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 01-06-2023

Muga militarizatzea, hori egotzi diote giza eskubideen aldeko erakundeei AEBetako Alderdi Errepublikanoari. Virginiako gobernadore Glenn Youngkin izan da urratsa egiten azkena. Bart gauean iragarri zuen Guardia Nazionaleko 100 kide eta laguntzarako 21 pertsona bidaliko dituela AEBak eta Mexikoren arteko mugara. «Mugako krisiak estatu guztiei eragiten die», esan zuen buruzagi errepublikanoak erabakiaren berri eman zuenean, eta azaldu zuen Texasko Gobernuak egindako eskaerari erantzuteko hartu zuela erabakia.

Texasko gobernadore Ted Abbottek eskatu die buruzagi errepublikano guztiei bidal ditzatela guardia nazionalak herrialdearen hegoaldeko mugara. Alderdi Errepublikanoak eskatu du mugako segurtasuna gogortzeko eta egotzi dio Joe Biden presidenteari «migrazio politika hutsalak» egitea. Youngkin ez da Abbotten deiari erantzun dion bakarra; asteartean Iowako gobernadoreak ere beste 100 guardia nazional bidaliko zituela iragarri zuen —Virginiak eta Iowak ez dute Mexikorekin muga egiten—.

2016tik 2020ra AEBetako presidente izandako Donald Trumpen migrazio politikak indargabetuta dauden arren, oraindik ere asiloa eskatzeko prozedura zailenetako bat duen herrialdea da hura. Joan den maiatzean bertan behera geratu zen osasun larrialdia aitzakia hartuta ezarritako 42. Titulua. Hura indargabetzeak migratzaileak erakarriko zituen beldur, Bidenek 1.500 militar bidali zituen hegoaldeko muga zaintzera. Neurriak, baina, giza eksubideen aldeko taldeen kritikak eragin zituen. Horien arabera, muga militarizatzeak hura arriskutsuago egiten du migratzaileentzat, haietako asko gatazketatik ihesi doazelako eta, militarrak bertan ikusita, litekeena delako bide zailagoetara jotzea AEBetara sartzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)