TURKIAKO HAUTESKUNDEAK
Bi milioi boto aldaketa lortzeko
Turkian presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur. Kiliçdarogluk migratzaile siriarrekiko jarrera gogortu du, kontserbadoreen botoa erakartzeko itxaropenez.
Berria, , 28-05-2023Bi milioi eta erdi boto gehiago behar ditu Turkiak aldaketarako. Hori da AKP Justizia eta Garapenaren Aldeko Alderdiko presidentegai Recep Tayyip Erdoganek bozen lehen itzulian atera zuen aldea. Estatuburuak abantaila du; izan ere, herrialdeko komunikabide nagusiak alde izateaz gain, haren aldeko botoa eskatu du hirugarren tokian geratutako eskuin muturreko hautagaiak. Maiatzaren 14ko bozetan 2,8 milioi boto lortu zituen Sinan Oganek, ATA Aliantzako zerrendaburuak.
Zailago du CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko zerrendaburu Kemal Kiliçdarogluk gaurko bozak irabaztea. Haren alde agertu diren guztiak ez dira ezkertiarrak; kolore guztietako alderdiak daude Seiko Mahaia deituriko aliantzan. Guztiek dute helburu bera: Erdoganen agintaldia amaitzea. Baina, horretarako, eskuinerago biratu behar izan du Kiliçdarogluk.
Diskurtsoa gogortu du oposizioko hautagaiak. Bere programan hasieratik jasotzen zuen errefuxiatu siriarrak kanporatu beharra —ia lau milioi dira—, baina prozedura «borondatezkoa» izango zela zehaztuta. Horrez gain, aurreratzen zuen gobernura heldutakoan Siriarentzako diru laguntzak handitzeko eskatuko ziola Europako Batasunari, erietxeak eta eskolak eraikitzeko.
Itzulera «borondatezko» hori, baina, «berehalako» bihurtu da lehen itzuliaren ostean. Kurduekiko elkarlanari uko egin ezin dionez —HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren babesa du—, migratzaileak jaurtigai bilakatu ditu oposizioko buruak, eta, bide hori aukeratuta, aurrera egin du indarrez: salatu du gobernuak «legez kanpoko» hamar milioi migratzaile «hartu» dituela herrialdean.
Aldaketaren emaitzak ikusten hasia da Kiliçdaroglu. Eskuin muturreko Garaipen Alderdiak haren aldeko botoa eskatu zuen asteazkenean egindako ekitaldi batean. Baina hori ez du aski.
(Puede haber caducado)