Losseni Fofanaren inguruko laburmetraia, Piarres Larzabaleko ikasleen lan handia
Rahmi immigrazioaren historia eta memoriako aktoreen sareak lekuko migrazioari buruzko lehiaketa antolatu du ikastetxeetan. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasle taldearen dokumentala maiatzaren 31ko Bordeleko sariketan izanen da.
Gara, , 29-05-2023Ikasturte hastapenetik, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasle talde bat, Akitania Berri Eskualdeko beste 7 ikastetxetakoak bezala, lekuko immigrazioari buruzko proiektua lantzen dabiltza. Rahmi immigrazioaren historia eta memoriako aktoreen sareak ALFISekin elkarlanean antolaturiko ‘Migrazioa, herritartasuna eta bideogintza. Historia laburmetraiak’ programaren baitan, zortzi ikastetxeak maiatzaren 31n dokumentalen sariketa emanaldian izanen dira, Bordeleko Akitania Berria Eskualdeko Hotelean.
«Lan orduak kondatu gabe, erregularki bildu dira dokumentalaren protagonista nor izango den eztabaidatzeko eta hautatzeko» azaldu du Maritxu Larzabal Piarres Larzabaleko animatzaile hezitzaileak. Gidoia idatzi, narrazioa estudio batean audioan grabatu eta irudien bidez dokumental historikoa osatzea zuten eginbehar. Horretarako, «beren irakasleek bideratu dituzte, hiru elkarteren aholkuak jaso dituzte eta 13 m2 kolektiboko errealizatzaile-muntatzaileen laguntza ukan dute» zehaztu dute proiektuaren antolatzaileek.
Ikasleak 2022ko irailaz geroztik ibili dira buru-belarri lanean, eskualdeko immigrazioaren historiaren parte diren pertsonen inguruko 2-3 minutuko bideo-portretak osatzeko xedez. Jarraibide hauekin, Piarres Larzabaleko hirugarreneko 12 ikaslez osaturiko taldeak Losseni Fofana etorkinaren historia izan du ardatz.
Losseni Fofana
Izan ere, Donibane Lohizuneko Le Komptoir des Amis jatetxeko familiak etxean hartu eta lana eman zion eta, horri esker, beti amestu zituen sukaldaritza ikasketak abiatu ahal izan zituen. «Ikasleek bere hisoria kontatzea erabaki zuten, ikasleak bertako edo inguruko herrietakoak direnez, etorkinen pasabidea hurbil baitute eta, hurbiltasunagatik, Losseni ezagutzeko interesa zuten» azaldu du Larzabalek.
Bere historia ezagutzeko, topaketak egin ziztuzten kolegioan 2022ko abenduan zehar. Hortik abiatu eta gidoia idatzi ondotik, Biarritzeko Atabal gunean grabatu dituzte haien ahotsak. Azpimarratzekoa da lan osoa euskaraz eraman dutela eta, beraz, euskaraz aurkeztuko dutela laburmetraia, frantsesezko azpitituluekin, «epaimahaia frantsesa baita» zehaztu du animatzaile-hezitzaileak.
Sari banaketa
Orain, eginiko lanez gozatzea baino ez zaie gelditzen, hilabete hondarrean izanen den ekitaldi nagusiaren bidez. Bertan, kolegioen 8 laburmetraien proiekzio eta aurkezpena izanen da, ondotik epaimahaiaren erabakia ezagutzeko. «Urduri dira, filme horrek zinema pantailan zer ematen duen ikusi nahi dute» aitzinatu du Larzabalek. David Diop idazlea izanen da epailegoaren burua eta hiru talde sarituko dituzte, baina Piarres Larzabal kolegioko langileentzat, «12 ikasleek urte osoan egin duten lanagatik, emaitza jakin aitzin, guretzat, irabazi dute».
(Puede haber caducado)