Mendebaldeko Saharan 28 gorpu aurkitu dituzte, etorkinenak

Aljeriako eta Marokoko 70 etorkin Ceutan daude ezkutatuta handik aterako dituen ontzi baten zain

Berria, 03-08-2006

Aljeriako eta Marokoko 70 etorkin Ceutan daude ezkutatuta handik aterako dituen ontzi baten zain

ane azurmendi

Saharaz hegoaldeko 28 etorkinen gorpuak aurkitu dituzte Aaiun hirian, Mendebaldeko Saharan. Immigranteak bi ontzitan abiatu ziren Kanariar Uhateetara. Espainiako Guardia Zibila itsasoa arakatzen ari da, eta hildako gehiago aurkitu daitezkeela uste du. Hildakoak Bibliat herritik gertu aurkitu zituzten, Aaiundik 40 kilometro iparraldera.

Ontzia zergatik hondoratu zen ikertzen ari dira segurtasun indarrak. Txalupetan aurkitutakoak baino pertsona gehiago zihoazela uste dute eta horiek, nahiz etorkinak haraino eraman zituzten trafikatzaileak aurkitzeko asmoz ari dira lanean. Bestalde, orain arte 49 immigrante atxilotu dituzte. Kanariar Uharteetara zihoazen guztiak eta Mali, Ginea, Boli Kosta, Senegal, Ghana eta Burkina Fasokoak dira.

Mauritaniako itsasoan, Espainiako eta Mauritaniako poliziek Kanariar Uharteetara zihoazen 130 etorkin aurkitu zituzten lau ontzitan. Horietako bi Nuadibu Mauritaniako portutik gertu. Beste biak, berriz, Blanco lurmuturretik 1.000 miliatara aurkitu zituzten.

Itsasoko Salbamendu taldeak Kanarietako El Hierro irlara eraman zituen ontzi batean itsasoan aurkitutako 83 etorkinak. Ontzia lurretik 80 miliatara aurkitu zuten. Bestalde, Espainiako Guardia Zibilak zortzi etorkin zihoazen ontzi bat aurkitu zuen Espainiaren menpe dagoen Ceuta hiriko kostaldean. Etorkinak Indiakoak ziren; lemazaina, berriz, Marokokoa. Azken hori atxilotu egin zuten Espainiako segurtasun indarrek.

Tenerife hegoaldean, Rascatik 30 miliatara, beste txalupa bat ikusi zuten. Lerro hauek idazteko unean ez zekiten zenbat pertsona zihoazen txalupan. Itsasoko salbamendu taldea bidali dute haren bila. Itsasoa egoera txarrean egoteak salbamendu lanak zailduko dituela uste dute.

ETORKINAK CEUTAKO PORTUAN. Aljeriatik eta Marokotik joandako 70 etorkin Ceutako portuko harri – lubeta batean ezkutatuta daude, Algecirasera (Espainia) eramango dituen ontziren baten zain. Kanpamentua azken egunotan jarri dute. Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkari Jenaro Garciak iragarri du hiriko agintariekin elkarlanean arituko dela Madril, haiek etorkinak bidaltzeko laguntza eskatuz gero.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)