Zazpi pakistandar kontratu gabe zituen enpresari bat atxilotu dute Elorrion

Berria, 03-08-2006

Erredakzioa

Bilbo

Espainiako Poliziak eraikuntzako enpresaburu bat atxilotu zuen atzo ustez paperik gabeko zazpi etorkin lanean edukitzeagatik. Langileek ez zuten inolako kontraturik ez asegururik, eta Gizarte Segurantzan izena eman gabe zeuden. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik adierazitakoaren arabera, atxilotutako A.N.Tx. 34 urteko pakistandarra da eta Gasteizen du helbidea. Eraikuntzako enpresa baten jabea da.

Poliziaren arabera, atxilotutako enpresaburuak bere jatorri bereko herritarrei ematen zien lana, baina eraikuntza sektoreko lan hitzarmenean itundutako soldatak baino diru gutxiago ematen zien, eta ez zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta. Atxiloketa langileen lan baldintzak ez betetzeagatik egin da. Era berean, zazpi langile pakistandarrak «egoera irregularrean» zeudenez, administrazio espedienteak ireki zaizkie.

BABESTU BEHAR DENA, «ZIGORTUA». SOS Arrazakeriak igorritako prentsa oharrean egoera hori salatu du. Jakinarazi du langileen lan eskubideen defentsan, esplotazio egoeren aurka egin behar dela, baina langileon egoera hobetu behar dela ere bai: «Langile bat kontratu gabe badago, eta administrazioak esku hartzen badu, legeztatzera eta egoera normalizatzera behartu behar da enpresa, langileari bere eskubide guztiak aitortuz».

SOS Arrazakeriaren ustez, zazpi langile pakistandarrak biktimak dira eta euren egoera normalizatu beharra dago, baimen berezi bat jasota. Eta gogorarazi du, horrelako kasuetan, ohiko jokaera kontrakoa dela, «babestu behar dena zigortu egiten dela». Maiz langileak lanik gabe geratzen dira, eta lan edo bizileku baimena ez edukitzeagatik administrazio espedientea irekitzen zaie, herrialdetik kanporatzeko. Oraingoan ere espedientea ireki die administrazioak.

SOS Arrazakeriak salatu du egoera Atzerritarren Legearen ondorioa dela, uneotan Hegoaldean zein Espainian milioi bat lagun inolako baimenik gabe daudelako. Erakundeak gaitzetsi du kasu batzuetan enpresaburuak egoeraz baliatzen direla lan eskubideak urratzeko. Baina beste batzuetan, «ez langileak ez enpresaburuak bete ezin ditzaketen legediak mekanismo eta auzibide zentzugabeak ezartzen ditu. Eta enpresak dena arautua egin nahi badu ere, administrazioak berak ez dio uzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)