ERRENTERIAN, VINICIUS, ANA ROSA ETA SANCHEZ HIZPIDE

Gobernu espainoleko Berdintasun ministro Irene Montero izan zen atzo goizean Errenterian, Elkarrekin Podemosen hauteskunde kanpainaren barruan. Estatuko gaiei jaramon egin zien Madrildik etorritako politikariak, eta ezer gutxi gehitu zuen Errenterian jorratu beharreko bideaz edo Euskal Herriko testuinguruaz eta bertako aukerei buruz.

Gara, Iraitz Mateo, 23-05-2023

Errenterian izan zen atzo goizean Irene Montero Gobernu espainoleko ordezkaria, Elkarrekin Podemoseko alkategai Maite Gartziari babesa adierazten eta herria bisitatzen. Lekuona Fabrika eta Errenteriako Emakumeen Etxea bisitatu zituen, baina ezer gutxi esan zuen bertakoaren edo are Euskal Herriaren inguruan. Beste behin, Estatura begira mintzatu zen. Viniciusek jasandako eraso arrazistak, Ana Rosa Quintanaren prime timeko adierazpenak eta PPren ustelkeria salatzeko aprobetxatu zituen hemengo mikrofonoak. Udal zein Batzar Nagusietarako hauteskundeen atarian izanda ere, batzuek lehengo lepotik burua.

Maite Gartzia Elkarrekin Podemoseko Errenteriako alkategaiarekin batera heldu zen Lekuona Fabrikara Montero. Agerraldia hastean botoa eskatu zuen: «Podemos publikoaren indarra da, komuna dena zainduko duena», eta osasungintza, hezkuntza zein etxebizitza arloan pribatizaziorantz ematen ari diren pausoak salatu zituen. Jarraian, zenbait gai aipatu nahi zituela esan eta estatu-ikuspegiari heldu zion.
PUBLICIDAD

VINICIUS ETA QUINTANA
Arrazismoaren inguruan mintzatu zen, asteburuan Vinicius Real Madrileko jokalariak jasotako irainak gaitzetsiz. Horrelakoen aurrean «arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako lokarri soziala» garatzera deitu zituen herritarrak. Esan zuen diskurtso arrazista eta xenofoboak «normalizatzeak» dakartzala horrelako jarrerak, eta Ana Rosa Quintana jarri zuen jopuntuan. Estatu espainoleko telebista pribatu bateko aurkezleak prime timeko programa batean esandakoak esatea «onartezina» dela esan zuen Monterok: «Diskurtso arrazista eta xenofoboak ezin dira legitimatu gure herriko prime time espazioetan, ezta oso ezagunak diren pertsonek esaten dituztenean ere».

PPren ustelkeria salatzeko Podemosek Madrilen jarritako olanaren inguruan ere jardun zen. «PP hauteskundeetara dopatuta iritsi da, diru publikoarekin tranpa eginez; horren aurrean gu ez gara isilduko», gaineratu zuen. Monteroren ustez, koalizioz osatutako Gobernuak indartu behar dira, eta PP dagoen botereguneetatik «bota». Gainera, bere alderdiarekiko duen jarrera salatu zuen: «PP olana hori kentzeko eskatzen ari da, eta edozein egunetan gu ilegalizatzea proposatuko du».

«PNV ETA PSOE ALIANTZA KONTSERBADOREA»
Pedro Sanchezi ere zuzendu zitzaion. Izan ere, espainiar presidenteak osasun mentalaren inguruan egindako azken adierazpenak entzunda, esan zuen nahiago lukeela «PSOErekin beti hauteskunde-kanpainan gobernatzea», orain esaten ari direna «propaganda hutsa» dela gehituta.

Zerbitzu publikoak «benetan publifikatzea» eta udalek eskumenak izatea aldarrikatu zuen. Jose Maria Aznar buru zelarik ezarritako 15/97 legea indargabetu behar dela gehitu zuen, «horrek ireki baitzion atea osasun zerbitzuen pribatizazio izugarriari». EAJ eta PSOEren gobernuak ere egin ditu horren erantzule. «Euskadin gaude, osasun-zerbitzu gehienak pribatizatuta dauden lurraldean, kasu honetan EAJ eta PSOEren arteko aliantza kontserbadore horren konplizitatearekin».

GARTZIA, ALKATEGAI
Gartzia Errenteriako alkategaia da, eta lau urtez gobernatzen aritu ostean, ondorio argi bat atera duela adierazi zuen: «Elkarrekin Podemosek gobernatzen dugun herrietan, hobe bizi da jendea». Politika publiko feministak, animalistak eta berdeak bultzatzen jarraituko dutela baieztatu zuen, eta mugimendu feministarekin egindako lana goraipatu, bide horretan elkarlanean jarraituko dutela aginduz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)