'Zurrumurruen aurkako maiatza', Gasteizen, ekitaldi ugarirekin
Hitzordu honek gasteiztar guztiak inplikatu nahi ditu, hiriko bizikidetzan eta aniztasunean parte har dezaten
El Correo, , 08-05-2023«Zurrumurruen aurkako maiatza» ospatuko dute Gasteizen datozen egunotan, ekitaldi ugarirekin. Udal Estrategiaren baitan atondutako ekimena dugu hauxe, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak landutakoa eta laugarren urtez itzuliko dena Arabako hiriburura. Hitzordu honek gasteiztar guztiak inplikatu nahi ditu, hiriko bizikidetzan eta aniztasunean parte har dezaten. Programa osatzen duten aktibitateen gehiengoa ostegunetan eta ostiraletan ospatuko da.
Jarduera oro doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren udal webguneko atalera sartuz.
Maiatzaren 11n, osteguna, abiatuko da. Izan ere, sei eta erdietatik aurrera Beñat Garaio Gasteizen ematen den hizkuntza aniztasunen inguruan arituko da Montehermoson. Ondoren, ostiralean, maiatzaeren 12an, arratsaldeko bost eta erdietan hasita eta ‘Neu Be Banabil’ programaren baitan, kafe-solasaldia egingo da Zabalganeko Zabalortuko baratzeetan.
Maiatzaren 18an, osteguna, aldiz, ‘El sueño europeo’ dokumentala proiektatuko dute Aldabeko ekitaldi-aretoan (18:30). Ikus-entzunezkoaren estreinaldian lan honen zuzendaria den Jaime Alekosek parte-hartuko du. Obra honek Idrissa Touré gazte afrikarraren nondik-norakoak ematen ditu ezagutzera, migrante honek Madrilera iritsitakoan bizitako egoerak aztergai daudelarik.
Egun bat beranduago, maiatzaren 19an, larunbata, Lakuako bost bizilagunek haien bizitzaren historiari buruzko gogoeta landuko dute, arratsaldeko seietan Lakuako Gizarte Etxean. Maiatzaren 25ean, berriz, osteguna (18.00etan), Lamine Thior aktoreak bakarrizketa eskainiko du Beñat Etxepare antzokian. Hauxe izango da ‘Zurrumurruen aurkako maiatza’ itxiko duen ekitaldia.
Gasteizko Udaleko zurrumurruaren estrategiaren barnean lantzen da hauxe. Gizartea eraldatzeko sentsibilizazio eta ekintza-proiektu bat dugu, zenbait helburu konkretu aurkezten dituena. Batetik, norbanako edota erakundeen ordezkari gisa, zurrumurruen aurkako agenteen sare bat sortzea. Bestetik, estereotipoek, aurreiritziek eta zurrumurru faltsuek bizikidetzan dituzten ondorio negatiboei buruzko pentsamendu kritikoa eta sentsibilizazioa bultzatzea, ekintza berritzaile eta parte-hartzaileen bitartez. Azkenik, agenda politikoan eta sozialean eragitea, aurreiritzien murrizketa eta diskriminazioaren prebentzioa hiri osoarentzako funtsezko xede kolektibo gisa onar dadin.
(Puede haber caducado)