«Hiri handietako kaleak immigranteen bizitoki eta egonleku bihurtu dira aspaldi»
Basauriko edukiontzi etxeak proposatzeagatik egin zen ezaguna gure artean Andaluzian legea baliatuz arau guztiak urratzeagatik ospea lortu duen arkitekto gazte hau
Berria, 02-08-2006iñigo bilbao
Bilbo
Santiago Cirugeda (Sevilla, Espainia, 1971) Bilbon izan da. Hiriko Bizkaia plaza eraberritzeko, izen handiko arkitektoekin lehiaketa antolatu zuten agintariek, eta bera hamar laguneko lan taldea zuzentzen ibili da. Laster itzuli beharko du berriro, Basaurirako (Bizkaia) diseinatu dituen etxeak egitera. Proiektuak kritika zorrotzak eragin zituen, etxeak – 45 metro koadrokoak – ez omen zirelako duinak.
Kritika horiek zentzuzkoak izan dira?
Etxeak duinak izango dira, legeak babes ofizialeko etxeetarako finkatzen dituen gutxieneko neurrikoak baino handiagokoak izango direlako besteak beste. Egindako kritikak ez dira oso bidezkoak izan. Ezer egin aurretik Basauriko gazteekin batu nintzen, proiektuaren berri emateko. Ohikoa ez bada ere, nik nahiago izan nuen hori, proiektua politikariekin hitzartu baino. Batzarrak alde biek genituen zalantzak argitzeko balio izan zuen. Alde horretatik, proiektuak arrakasta izan du. Zerrenda egiteko epea ez da oraindik ireki eta Basauriko ehun gaztek baino gehiagok eman dute izena.
Iritziak iritzi, gauza berritzaile guztiek eragiten dute kritika. Ezberdinak badira batez ere, aldaketei beldur handia zaielako.
Legebiltzarrak Lurzoruen Legea onartu du etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Legez konpontzeko moduko arazoa da?
Ez, noski. Legeak lagundu badezake ere, etxebizitza sozialak egiteko araudia ez zen ezinbestekoa. Egia da orain legeak babestutako etxeak egiteko lurra gordetzeko agintzen duela, baina legeak lege, agindutakoa ez bada betetzen, alferrik dira guztiak. Eta ez ahaztu Administrazioak berak urratzen duela lege gehien. Babestutako etxeak egingo dituztela agindu izanak ez du esan nahi egin egingo dituztenik, ezta? Ez hemen, ez inon.
Arauak urratzeko legea bera baliatu duzulako egin zara ezagun arkitekto gisa. Zergatik hori? Zirikatzaile zarelako edo? Legea bera adarjotze hutsa delako?
Biak. Atsegin dut zirikatzea eta, era berean, oso zuhurra naiz legediekin. Etxebizitza arauak urratu izan ditut, legea aldatzea beharrezkoa delako eta hori delako aldaketa lortzeko modu bakarra. Hamar urtean arauei eman dizkiedan itzulipurdiak arau horiek guztiak hobetzeko izan dira, herritarren zerbitzura egon daitezen benetan.
Ahaleginak herritarrei zuzenduta ere egon dira. Jendea legearen edukiaz ohartu behar da; jabetu egin behar da hirigintza lege horien bitartez bizimodua arautzen eta maneiatzen ari zaizkiela. Legea ikasiz ikusiko dute herrian edo auzoan zer egin nahi dieten, zer bihurtu nahi dituzten, eta horrela izango dute baldintzatzeko edo parte hartzeko aukera .
Arkitektoa barrukoak diseinatzen ikustea ohituta gaude. Zeuk, baina, gogokoagoak dituzu eremu publikoak. Zergatik?
Biak lotuta daude. Ez dut uste arkitektoon lana eremu pribatuetara mugatuta dagoenik. Egia da nik nahiago dudala eremu publikoa landu, askoz ere aberatsagoa delako. Etxe bat egiterakoan, bezeroaren esanetara zaude. Kalean, berriz, gauzak ezezagunak dira. Lekuak zer erabilera izango duen esango dizu senak, baina gero jendeak nahi duena egingo du toki horretan. Esperientzia askoz ere aberasgarriagoa da. Kalean lan egitea konplexuagoa den neurrian, erronka ere handiagoa da.
Ezin esango dugu kalea Fragarena denik orain, baina ezta herritarrena ere. Norena da gaur kalea?
Kalea premian diren herritarren bizitoki eta egonleku bihurtu da aspaldi. Nortzuk ikusten ditugu kalean? Lanik ez dutenak, zinemara edo saltoki handietara erosketak egitera joateko sos nahikorik ez dutenak eta halakoak. Hiri handietan behinik behin, immigranteak dira kalea bizi dutenak. Badiotsut, kalea pobreena da neurri batean. Zeren bestean badago joera erabilera publikoa izan duten eremuak apurka – apurka pribatizatzeko: tabernetako terrazak, dendarien mahaiak eta enparauak. Oraindik okerrago: plazak gero eta gehiago itxi egiten dituzte enpresa handiek euren marka saldu edo ezagutzera emateko antolatu ohi dituzten ekitaldietarako. Ez dakit horrek Udalari etekinik ematen dion, baina ez dauka zentzurik guztionak diren lekuak horrela ixtea gutxi batzuen mesedetan.
Bilbo daukazu egunotan aztergai. Nola ikusi duzu hiria?
Andaluzian lan egiten ohituta nago eta hemen, han ez bezala, eguraldiak egundoko eragina dauka gure langintzan. Kalea antolatzerakoan oso kontuan hartu behar izan dugu eguraldia. Saiatzen ari gara naturarekiko lotura lantzen, mendiz inguratuta dagoen arren hiriak ez diolako kasu handirik egin harreman horri. Teknologia berriak ez dira naturaren etsaiak; ez dugu zergatik berdegunea eta porlana halabeharrez kontrajarri. Biak modu eroso eta lasaian uztartu daitezkeela uste dut.
Bilbon arrastoa utzi dute munduko arkitekto ospetsuek. Onerako izango al da haien ekarpena?
Lauzpabost eraikin esanguratsu edukitzeak hiria apaintzeko balio dezake, noski; baina hiriaren plangintzak haratago joan behar du. Nik argi daukat eraikin ikusgarriak egin arren ez bada herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bermatzen hori kakatzarra dela, hiriak ez duela ezertarako balio. Ez dut ukatuko hainbeste aipatzen diren eraikin horiek hiriari ospea ematen diotela, baina bere horretan ez dute bermatzen bilbotarrak hobeto biziko direnik.
BilboArteko tailerrekin ez zaituzte sartu izen handikoen zurrunbiloan?
Arrazoi duzu. Ni ez naiz sekula lehiaketa zale izan, eta orain izen handiko arkitekto birekin – Will Aslop eta Zaha Hadid – neurtzera gonbidatu naute. Onartu arren, etorri aurretik idatzita utzi nuen irabaztekotan eta, beraz, geure proposamena egitekotan tailerrean nirekin batera laguntzaile ibilitakoen izenak agertuko direla eta irabazia badago guztion artean banatzeko izango dela. Bidezkoa izateaz gainera, horrekin nabarmendu nahi izan dut Euskal Herrian ere badirela halako proiektu handiak egiteko gai diren arkitektoak. Beste arkitekto biek ez dituzte gauzak nik bezala ikusi. Nik bai.
«Babestutako etxeak egingo dituztela agindu izanak ez du esan nahi egin egingo dituztenik, ezta?»
(Puede haber caducado)