Ijitoen kontrako arrazismoarengatik salaketa ezarri du elkarte baionar batek

Natalia Turine kazetariak, LCI informazio kateko gomita gisa, «ijitoak» eta «ebasleak» zuzenki lotu zituen. Paralelismo jasanezina, Ipar Euskal Herriko ijito komunitatean aktiboak diren eta salaketa jarri duten bi anairentzat.

Gara, Felix Thommen*, 27-04-2023

Apirilaren 17ko gertakariek Jose eta Antonio Hernandezek haserrea piztu zuten. Egun horretan LCI telebista katearen «Parc Brunet, Hammett & Cie» saioko gomita zen Natalia Turine kazetari eta editore errusiarra, Ukrainako gerraz mintzatzeko. Errusiako kazetari lanaz ari zirela, Natalia Turinek ondoko hitzak bota zituen: «Kazetaritza, leku ainitzetan gainera, ijitoen kazetaritza bilakatu da».

Baieztapenari «zer erran nahi duzu?» batekin erantzun zion Eric Brunet saioaren animatzaileak, eta Turinek bere errana zehaztu zuen: «erran nahi dudana informazio porroskak ebasten dituztela da». Eztabaida moztu behar zela sentiturik, Brunetek, ironiaz, «kasu, ‘ijitokeria’ horren kontra oldartuko da! Ez da hori erraten» bota zuen.

Salatzea eta kontzientziatzea

Hitzak jasanezinak gertatu zitzaizkien Hernandez anaiei. «Kolpe handia izan zen. Egia erran, kakingarria da» dio Josek. Bide beretik mintzatu da Antonio: «LCI bezalako kate batean, ez da posible hori pasatzen uztea».

Bi ijito baionarrek Arcom eta SOS Arrazakeriarengana jo zuten eta, ondotik, anaiak barne diren Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturala elkartearen bidez, Parisko prokuradoreari salaketa aurkeztu zioten. «Minimoki, barkamenak espero ditugu, gauzak aitzinatu eta ijitoek ebasletzat hartuak izatea normala ez dela ikus dezaten» adierazi du Antonio Hernandezek.

Telebistako gertakariei aurre egin nahian, bai haien elkartearen eta bai TikTok kate baten bidez, Hernandez anaiek beren populuaren jatorria eta kultura azaldu eta ezagutarazten dituzte, proselitismorik gabe. Horrelako diskurtsoen gainetik, kontzientziazioa emendatzen ari dela uste dute: «lokal bat ukanen dugu Baionan. Eskolek deitzen gaituzte. Topiko hauek gelditu behar dira».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)