Italia

Meloniren migrazio neurrien kontra egin dute Italiako zenbait agintarik

Sei hiri handik eta bost eskualdek ez dute bat egin lehen ministroaren asmoekin. Aurten iazko epe berean baino ia lau bider migratzaile gehiago heldu dira herrialdera.

Berria, Ander Perez Zala, 18-04-2023

Emilia-Romagna, Toscana, Campania, Apulia eta Aostako harana eskualdeetako presidenteak, batetik; eta Erroma, Milan, Napoli, Turin, Bolonia eta Florentzia hirietako alkateak, bestetik. Pixkanaka-pixkanaka, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak migrazioaren kontra harturiko neurrien eta asmoen kontra egiten hasi dira Italiako agintariak —gehienak, PD Alderdi Demokratikokoak—, eragin duten eztabaidaren erakusle.

Eskualde horietako presidenteak izan dira lehenak Meloniren aurka agertzen. Larrialdi egoerarekin du zerikusia: Italiako Gobernuak joan den asteartean jakinarazi zuen hori indarrean sartu zuela sei hilabeterako, eta, atzo, Valerio Valentik larrialdi egoerarako komisario kargua hartu zuen. Eskualdeetako agintariek, ordea, uste dute ez dagoela larrialdirik migrazioaren aferarengatik, eta, horregatik, erabaki zuten ez sinatzea Valentiren karguari buruzko ordenantza.

Neurri horrek zenbait ondorio ekarri ditu berekin: adibidez, komisarioak erabakiko balu eskualde horietako batean migratzaileen identifikazio eta aberriratze zentro bat eraiki behar dela, aurrez hango erakundeekin negoziatu beharko luke, eta haien oniritzia jaso.

Ikusi gehiago: Italiak larrialdi egoera ezarri du sei hilabeterako, migrazioari aurre egiteko

Erabaki horrekin batera, sei hiritako alkateek dokumentu bateratu batean jakinarazi dute migrazioarekin zerikusia duen lege dekretu baten aurka daudela, zeina, printzipioz, asteon bidaliko duten parlamentura. Gobernuaren asmoa da zenbait zuzenketa aurkeztea —oraindik negoziatzen ari da alderdiekin—; tartean, migratzaileentzako babes berezia delakoa kentzeko.

Neurri horrek Italian bizitzeko baimena ematen die jatorrizko herrialdera itzulita arriskupean egongo liratekeen migratzaileei, baina Melonik uste du ez dela beharrezkoa, argudiatuta Europako Batasunak ematen dituen babesen «babes gehigarri bat» dela. Are, bere koaliziokideek argudiatu dute babes horrek erakartzen dituela migratzaileak Italiara.

Alkateek kontrakoa iritzia dute, hain justu, argudiatuta neurria beharrezkoa dela Europako hainbat herrialdetan ere badutelako. Ez hori bakarrik: komunikatuan, Italiako Gobernuari eskatu diote herrialdean dauden migratzaileen egoera erregularizatzeko. PDk idazkari berria du iragan martxotik —Elly Shclein—, eta harrez geroztik handitu egin du koalizio gobernuaren kontrako jarrera.

Dena den, ikusteko dago, oraindik ere, Italiako lehen ministroak zer gehiago egingo duten migrazioaren aferan. Hori bai, egunotan agerian geratu da zein izan daitekeen bere estrategia: Afrikako herrialdeekiko harremana hobetzea, horiekin akordioak egin eta immigrazioa gelditzeko. Kasurako, Meloni Etiopian izan zen joan den ostiralean, eta zera adierazi zuen: «Afrikan inbertitu dezagun Europarako beste exodo bat saihesteko».

Ia 900 migratzaile erreskatatu dituzte

Migrazioarekin lotuta, atzo bertan, Italiako kostazainek eta GKE gobernuz kanpoko bi erakundek ia 900 migratzaile erreskatatu behar izan zituzten Mediterraneoan, Italiako eta Maltako uretan.

Sizilia inguruan, 600 iheslari zeramatzan ontzi bat lagundu zuten, eta, agintariek atzo esandakoaren arabera, asmoa zen horiek Augusta eta Catania hirietan hartzea —gaur porturatu dituzte—. Erreskate taldeek zailtasun handiak izan zituzten operazio horretan, baldintza meteorologikoak zirela eta.

Horren aurretik, Lampedusa parean, kostazainek 221 lagun zeramatzan ontzi bat erreskatatu zuten, Sea Watch GKEak esandakoaren arabera; eta, horrekin batera, ontzian 55 migratzaile zeramatzan beste bat lagundu zuen Emergency GKEak.

Italiako Barne Ministerioaren arabera, aurten 32.769 migratzaile heldu dira Italiara: iazko epe berean ia halako lau —8.432 lagun izan ziren duela urtebete—.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)