Mugak azarora arte hetsiko ditu frantziar Estatuak, Munduko Errugbi Koparen aitzakiarekin

Frantziar Estatuak mugen hestea urriaren 31ra arte luzatzeko asmoa duela jakinarazi dio Bruselari, Munduko Errugbi Koparen antolaketaren karietara, «lurraldean terrorismoaren mehatxua» badelakoan.

Gara, Kazeta, 12-04-2023

Joan den urrian, Frantziako Estatuak berriz ere Schengengo Itunaren etena luzatzeko borondatea adierazi zion Europar Batasunari, bere mugak urte bereko azaroaren lehenetik heldu den apirilaren 30era arte hetsiz. Data heltzea goaitatu gabe, Parisek jadaneko etenaldi hori 2023ko urriaren 31ra arte luzatuko duela jakinarazi dio Bruselari.

Horrela, tokiko hautetsi anitzen gomendioak, populazioaren zati handi baten haserrea, eragin sozio-ekonomikoak eta migrazio dramak gorabehera, hala Larrañe, Aldude eta Izpegiko pasabideak nola Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia hetsirik egonen dira.

Irailaren 8tik urriaren 28ra bitarte iraganen den munduko errugbi kopa da oraingoan frantziar gobernuaren erabakiaren justifikazioa: «mehatxu terrorista berriak badira, lurraldean diren erakunde terroristek Munduko Errugbi Kopa jopuntu izateko arriskua areagotzen dutenak».

Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren eskutik «euskal salbuespena» aplikatu ezean, Paristik heldu den iragarpenak mugen blokeoa kentzeko aurreikuspenak bertan behera utziko ditu.

Arrazoiketaren berritze etengabea

Schengengo araudiak epe baterako hesteak egiteko aukera jasotzen du, honetarako arrazoiak emateko baldintzarekin. Hauxe da, hain zuzen, Parisek 2021eko urtarriletik etengabe egin duena.

Oraingoan, frantziar ordezkaritzak kirol ekitaldia baliatu du Europako agintariei erabakia azaltzeko argudiotzat. Gainera, «kanpoko mugetatik, hau da, Mediterraneo Erdialdetik eta Mendebaldeko Balkanetatik heldu diren sarrera-fluxu irregularrak» areagotzeko arriskua berretsi du, horrek «Belgika, Luxenburgo, Alemania, Suitza, Italia eta Espainiarekiko barne-mugetan» eragin zuzena duelakoan.

2024ko Parisko Olinpiar Jokoak ate joka diren honetan, Munduko Errugbi Kopa baino are jendetsuagoak direnak, Europar Batasunean pertsonen zirkulazio askearen gainetik behin eta berriz egin arau-hausteen iraupena luzea izanen dela pentsatzeko arrazoirik ez da falta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)