Migrazioa

Mila migratzaile Mexikora heldu dira, han asiloa eskatzeko asmoz

Haien helburua da Mexiko hegoaldetik iparraldera joatea, AEBetan sartzeko. Migratzaileek ziurtatu dute ez direla beren sorterrira itzuliko.

Berria, Mikel O. Iribar, 11-04-2023

Venezuelatik, Hondurastik, El Salvadorretik, Guatemalatik eta Haititik irtendako mila migratzaile inguru iritsi ziren atzo gauean Mexikoko Chiapas estatura (hego-mendebaldea). Migratzaileek asiloa eskatzeko asmoa dute, herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharkatzeko; hain zuzen, haien helburu nagusia da AEB Ameriketako Estatu Batuetara heltzea, beste migratzaile askoren gisan. Efe agentziari adierazi diotenez, beren herrialdeetan dagoen krisi politiko eta ekonomiko larriagatik utzi dute sorterria, eta ez dira itzuliko.

Alexander Vivar 20 urteko guatemalarra Chiapas estatuko Tapachula hirian gelditu da, Mexikora legez sartzeko baimena eskatzeko. «Gu jada hemen gaude, eta ezin dugu atzera egin, ahalegina alferrikakoa izango litzatekeelako. Aurrera joan behar dugu», azaldu dio Eferi. Ostera, ziurtatu du Mexikok «erraztasunen bat» emanez gero, herrialdean bertan geratuko dela, eta, bestela, iparraldera iritsi eta AEBetara sartzen saiatuko dela.

Bien bitartean, mila migratzaile inguruko karabana bat abiatu da berriki hiri horretatik, asilo eskaera lortzeko eskaerei izkin egin ondotik eta iparraldeko mugara iristeko arriskuei aurre eginez. Jose Sanchez venezuelarra atzo heldu zen Tapachulara, eta Errefuxiatuei Laguntzeko Mexikoko Batzordearen (Comar) zerrenda luzean eman du izena; 1.097.a da. «Ez dakit nire txanda noiz helduko den, baina espero dut Mexikon egoteko baimena emango didatela», esan du. Gaineratu du paperak eskuratu bezain pronto Chiapastik irtengo dela, haren helburua ere AEBetara iristea baita, Venezuelan utzi duen familiari laguntzeko asmoz.

Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalaren (INM) migrazioa erregularizatzeko bulegoetan ere ehunka migratzaile bildu dira, eta Errefuxiatuei Laguntzeko Mexikoko Batzordearen protokolo bera egin dute. Bertan, beren bisak izapidetuko dituzte, arrazoi humanitarioengatik.

Muga gurutzatzeko dei faltsua

Ehunka migratzaile heldu ziren atzo Mexikoko Ciudad Juarez hiriko Iparraldeko Nazioarteko Zubira, eta, segidan, AEBetako Texas estatuko El Paso hirian sartu eta asilo politikoa eskatu zuten zurrumurrua hedatu zen. Gisa horretara, bi herrialdeetako mugazainek bidegurutzea itxi egin zuten, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Migratzaileek Eferi adierazi ziotenez, Viber enpresak informazio faltsua zabaldu zuen sare sozialetan, joan den hilean gertatu zen bezalaxe.

«Ilaran nengoen, eta esan ziguten pasabidea gurutzatu ahal genezakeela. Orduan, bilobarekin etorri nintzen hona, hori egia ote zen jakiteko», azaldu du Magaly Figuerak, jatorriz Venezuelakoa den migratzaileak. 42, 40 eta 38 urteko alabak zain ditu AEBetan. Bitartean, Magaly «beldurrez» bizi da Ciudad Juarezen, mugazainek duten jarrera «desegokiaren» ondorioz. Kalean lo egiten ari da, haren bilobarekin batera.

Bide horretan, migratzaileak «gizatasunez» tratatuak izateko eskatu diete agintariei: «Ametsekin eta helburuekin gatoz. Migratzaileak gizakiak gara», nabarmendu du Mileidy Ortiz kolonbiarrak. Mexikoko GKE gobernuz kanpoko zenbait erakunderen arabera, 2022a urterik beltzena izan zen migratzaileentzat; bederatziehun pertsona inguru hil ziren Mexikoren eta AEBen arteko muga gurutzatzeko ahaleginean.

Horrez gain, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera, urtarrila eta otsaila bitartean, Erdialdeko Amerikako lurraldetako 74.366 herritar atxilotu dituzte bi herrialde horien arteko mugan; iaz baino %23,85 migratzaile gutxiago —97.664 atzeman zituzten—. Datuak gehiago xehatuta, AEBetako mugan 56.333 pertsona atxilotu zituzten, aurreko urteko urtarrila eta otsaila bitartean baino %26,23 gutxiago; Mexikoko mugan, aldiz, 18.033 atxilotu zituzten, iaz baino %32 urriago. 2022 osoan, berriz, 663.248 lagun atxilotu zituzten; 169.688 Mexikon eta 493.560 AEBetan.

Hiruko bilera Panaman

AEBetako Segurtasun Nazionaleko Departamentuko idazkari Alejandro Mayorkas Panaman da atzotik, eta herrialde horretako atzerri ministro Janaina Tewaneyekin eta Alvaro Leyva Kolonbiakoarekin biltzekoa da gaur, Panama Hirian, estatuko Darien probintzian duten migrazio jarioa gertutik aztertzeko asmoz. Urte hasieratik martxora arte 87.000 migratzailetik gora igaro dira Darienetik; horietako gehienek AEBetarako bidea hartu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)