Mugako pasabideak «laster» ideki daitezkeela baieztatu dute hainbat agintarik
Espainiar Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariak Naiz irratian adierazi duenez, Macronen Gobernuak Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubiko egoera gainditzeko asmoa du. Bi hirietako auzapezek ere informazioa baieztatu dute.
Gara, , 04-04-2023Mediabask eta Naiz irratia migrazioaren inguruan lantzen ari diren ‘Bideak’ proiektuaren baitan jakin da Hendaia eta Irun arteko Avenida zubia epe laburrean idekitzear izan daitekeela. Guillermo Echenique espainiar Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariak Naiz irratiari baieztatu dionez, Emmanuel Macronen Gobernuak zubiko egoera gainditzeko asmoa du.
Pedro Sanchezen Gobernuak Jose Antonio Santano Irungo auzapezari ere helarazi dio informazioa. «Hori transmititu didate niri ere, baina zain nago ea gauzatzen den. Denborak, egin dugun presio izugarriak eta logikak hori iradokitzen dute», adierazi du hautetsiak.
Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetarekin mintzatzeko parada ukan duela erran du Mediabasken, Echeniquek eta Santanok adierazitakoak berretsiz: «Oso laster mugako blokeo hau altxatzeko soluzio bat topatuko dutela hitzeman dit».
Bidasoaz bi aldetako auzapezak bi hedabideek egin eta Naiz atariak argitaraturiko erreportaian kexu mintzo dira zubiaren itxierarekin eta pertsona migranteek pairatu behar duten egoerarekin.
Maiatzaren lehena epe gisa
Gogora ekartzeko, frantziar eta espainiar Gobernuek goi bilera egin zuten joan den urtarrilaren 19an Bartzelonan. Gerald Darmanin frantziar Barne ministroak aitzinatu zuen hetsirik diren pasabideak ireki asmo zituztela. Aldiz, horretarako bi estatuetako poliziek osatu brigadak sortzeko beharra mahai gaineratu zuen.
Schengengo Itunaren baitan salbuespen bat da mugetan kontrolak ezartzea eta sei hilean behin aztertu behar da neurria. Hala, frantziar Gobernuak maiatzaren lehenean berritu beharko du ebazpena. Duela bi urtetik, Euskal Herrian Hendaia eta Irun arteko oinezkoen zubia, Izpegi, Aldude eta Larraineko lepoa hetsiak dira. Katalunian beste lau dira blokeaturiko pasabideak.
(Puede haber caducado)