Harrera zentroak
Etorkin adingabeen harrera «duina» bermatzeko gomendatu dio arartekoak Bizkaiko Diputazioari
Galdakaoko zentro bat «gainezkatuta» dagoela adierazi du arartekoak, eta horrek egoiliarren artean esku hartzeko baliabideak gutxitu dituela.
Berria, , 04-04-2023Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari gomendatu dio berma dezala etorkin adingabeen harrera «segurtasun eta duintasun baldintzetan» egitea. Galdakaoko (Bizkaia) Vivero zentroak familia erreferenterik gabeko etorkin adingabeei lehen harrera egin eta ostatu ematen die, eta arartekoak adierazi du adingabe horiei egindako lehen harrera «gainezkatuta» egon dela «aldi luzeetan eta modu iraunkorrean». Ondorioz, azaldu du gutxitu egin direla adingabe horien artean esku hartzeko baliabideak —materialak eta hezkuntza arreta—.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban «babesik eta familia erreferenterik gabe» bizi diren haurrentzako baliabideak arautzen dituzten arauetan zehaztuta dauden segurtasun eta duintasun baldintzak betetzeko, zera gomendatu dio arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari: «Alde batetik, bermatu behar da [lehen harrerarako] programa hori garatzeko zentroan ez dela berriro sortuko gainezkatzerik; eta, bestetik, baliabide nahikoak eta antolaketa eraginkorra izango dituen sistema bat antolatu behar da, eskaera handiagoko aldiei aurre egiteko neurriak bizkor aktibatzea ahalbidetuko duena».
Bestalde, arartekoak aldundiari ohartarazi dio ez dagoela «portaera arazoak edo portaera arazo larriak» dituzten nerabeentzako espezializatutako programa bat garatzeko baliabiderik Vivero zentroan. Horrek lehen harreran eragin duela azaldu du arartekoak; nabarmendu du bizikidetza arazoak, erasoak eta mehatxuak areagotu egin direla. «Horiek egiaz zailtzen dute hezkuntza aldetik modu integralean eta adingabe bakoitzaren premietara egokituta esku hartzea. Izan ere, adingabeentzat inguru seguru bat behar da, ez bakarrik segurtasun materiala eta espazioetakoa, baizik eta segurtasun psikikoa eta emozionala ere bai», azaldu du arartekoak.
Gabezia horren aurrean, Vivero zentroan programa espezializatuak garatzeko gomendioa egin dio arartekoak Bizkaiko Diputazioari. Programa horiek garatzeko hezitzaile gehiago eta «berariazko beste neurri batzuk» beharko liratekeela adierazi du arartekoak. «Horien bitartez, mutiko horietako batzuen premia bereziei erantzun ahal izango zaie, eta, gainera, behar bezala osatu ahal izango da baliabide dibertsifikatu eta egokien sare bat, era askotako pertsonei erantzuteko», azaldu du.
Kexa, 2021ean
2021. urtearen amaieran herritar batzuek aurkeztutako kexa baten harira egin du arartekoak Vivero zentroari buruzko ebazpena. Bizkaiko Foru Aldundiari gomendioa egin aurretik, hainbat aldiz bisitatu du arartekoak Vivero zentroa, eta aldundiko Haur Zerbitzuarekin ere bildu da.
Vivero zentroa iazko abenduaren hasieran ireki zuten, Zornotzako (Bizkaia) lehen harrerarako zentroan piztutako sutearen ondoren. Arartekoak azaldu du jakin ahal izan duela Zornotzako zentroa berriz irekitzekoak direla, eta nabarmendu du babesik gabe dauden etorkin adingabeei lehen harrera «duina eta segurua» egiteko gomendioek balio dutela, bai Galdakaoko zentroarentzat, bai Zornotzakoarentzat.
(Puede haber caducado)